Sei hilabetean behin egin ohi duen legez, Euskaltzaindiak hiztegia berritu du: beste 774 forma jaso ditu.
Horietatik 265 sarrera berriak dira. Besteak beste, hitz hauek onartu dituzte: adobatu, botox, derrapatu, enpaztu, gatzbako, rueda eta tagliatelle.
Horietaz gainera, beste 364 azpisarrera txertatu dituzte; tartean, hauek: abeltzaintza estentsibo, ariketa fisiko, Gau Beltz, Errezil sagar, Idiazabalgo gazta eta saltsa arrosa.
Eta 145 ohiko lexia ere sartu dituzte. Aurrerantzean, onartuta egongo dira hauek: ganora eduki, haluzinazioak izan eta ilaran jarri.
Euskaltzaindiak azaldu duenez, 2025eko lehen eguneratzean eginiko lanari jarraituz, beren-beregi sukaldaritzaren atala osatu nahi izan dute, eta ardogintza eta hazkurri kontuak gehitu dituzte hiztegira. Orotara, 52.091 forma jasotzen ditu orain hiztegiak, baita 70.291 adiera, 116.226 adibide eta 519 esaera zahar ere.