«UPN-PSN gobernua ituna hautsi ondotik, hauteskundeetara deitzea da aukera bakarra». Hori uste dute ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek. Azken 30 urteetan Nafarroan indarrean egon den sistemaren porrota azpimarratu dute, eta garai berriotan «itxaropentsu» azaldu dira, beste eredu bat eraikitzeko dagoelakoan. NaBai, Bildu eta Ezkerra koalizioen ekimenez, Parlamentuan Yolanda Barcina presidentearikonfiantza mozioa aurkezteko eskatzen dion proposamena aztertuko da. Osoko bilkurako azken puntua denez, ez dago zehazterik gaur azken orduan edo bihar lehen orduan eztabaidatu eta bozkatuko ote den. Nahiz eta eskaera hori aurrera ateratzea espero den, ziurrenik, Barcinak ez du jaramonik eginen. Harena da konfiantza mozioa aurkezteko eskumena. Dena den, hiru alderdi abertzaleen arabera, «logikoena» hauteskundeak aurreratzea da.
Juan Jose Lizarbe alderdi sozialistako kideak iragarri du haustura gertatu zenetik UPNk ez duela PSNren babesik. Hitzemandakoa betez gero, Barcinak konfiantza mozioa aurkeztearen alde eginen du PSNk.
Pernando Barrenak (ezker abertzalea) euskaraz eta Xabi Lasak (Aralar) gaztelaniaz egin dute Nafarroako Gobernuaren hausturari buruzko hausnarketa, ezker abertzaleko, Aralarreko eta EAko beste kide batzuekin batera: besteak beste, ezker abertzaleko Txelui Moreno eta Juan Kruz Aldasoro, Aralarreko Asun Fernandez eta Txentxo Jimenez eta EAko Maiorga Ramirez, Miren Aranoa eta Koldo Amezketa.
Arlo sozial eta ekonomikoan eramandako politikak kritikatu dituzte agerraldian. Nafarroako Gobernuak epe ertain eta luzeko plangintza ekonomikorik gabe lan egin duela salatu dute. Barrenak esan duenez, «ongizatearen eta garapen ekonomikoaren paradisua balitz bezala saldu zuten Nafarroa bakandua, forala eta espainiarra». Haren ustetan, Foru Hobekuntzatik jasotako eskumen «apurrak» baliatzeko gai ez dira izan UPN eta PSN.
Beste eredu bat
Hori horrela, Nafarroaren burujabetza aldarrikatu dute hiru alderdiek. «Nafarroak burujabetza berreskuratu behar du, Espainiarekiko menpekotasunaren katea apurtzeko eta bere garapen ekonomiko eta sozialerako eredu propio bat eraiki ahal izateko». Zerbitzu publikoak indartzeko beharra azpimarratu dute, eta Nafarroako gizartea «egunero beste politika sozial eta ekonomiko bat» aldarrikatzen ari dela ikusteko esan diete PSNri eta UPNri.
Pertsonen beharretatik abiatuko den ekonomiaren aldeko deia egin dute. Beste eredu baten beharra nabarmendu dute, eta «ez banketxeen handinahian oinarritutako ekonomia bat». Hori dela eta, Nafarroako sindikatu eta eragile sozial eta politiko guztiekin harremanetan jarriko dira, egoeraren diagnostiko partekatua egiteko helburuarekin.
Elkarlanerako gonbita
«Nafarroan jendarte guztiak elkarlanean eraiki behar du etorkizuna». Horrela mintzatu dira hiru alderdietako kideak, eta, horren harira, batera lan egiteko deia egin diete Geroa Bairi eta Ezkerrari. «Bidean lankide gisa» nahi dituzte. PSNri dagokionez, esan dute momentu jakin honetan ez dutela espero elkarlanean aritzea, azkenaldian abian jarritako politikak direla eta.
Bozak aurreratzeko eskatu dute EAk, Aralarrek eta ezker abertzaleak
Geroa Bairi eta Ezkerrari lankidetzarako deia egin diete Nafarroan, alternatiba politiko eta instituzionala eraikitzeko asmozUPN eta PSNren arteko hausturaren ostean, «logikoa da» hauteskundeak aurreratzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu