Politika

Brouard eta Muguruza omentzeko, Egiari Zor Fundazioak ekitaldia egingo du asteartean Bilbon

'Egia bide, askatasuna amets' lelopean egingo duten ekitaldia aurkeztu dute goizean. Esperantza frontoian izango da.

2012ko azaroaren 16a
17:05
Entzun

Fundazioko kideez gain, Josu Muguruzaren alaba Ane eta Santi Brouarden alaba Edurne izan dira. Gatazka armatuaren eta politikoaren konponbidea bideratzeko garrantzitsuak diren hiru gako zehaztu dituzte. Eta esan dute aurreiritziak eta mugak alde batera utzita gatazkaren ondorioetan arreta berezia jartzeko unea dela.

Adierazi dutenez, egia, askatasunerako konpromisoa eta izan diren eta etorkizunean sortuko diren konpromiso guztiak batzea direla gatazka konpontzeko gako nagusiak. 

Memoria kolektiboa osatzeko Euskal Herrian dagoen “aniztasun politikoak” isla izan behar duela adierazi du Ane Muguruzak. “Egiari heltzeko dauden modu eta ikuspegi guztiek osatu behar dute memoria kolektiboa”. Estatuek duten erantzukizuna aitortu eta errepresioaren estrategia eta ondorioak bere gain hartu behar dituztela esan du.  

Era berean, gogora ekarri dute euskal herritarrek belaunaldiz belaunaldi askatasunaren bila eta haren alde jorraturiko bidea. “Etengabeko konpromiso historiko horren testuinguruan izan ziren Santi eta Josuren hilketak”, adierazi du Josu Muguruzaren alabak. Esan duenez, haien aurka tiro egitean, askatasunarekiko konpromisoa hil nahi izan zuten. 

“Askatasuna, egia eta memoria uztartuta, izan diren eta etorkizunean izango diren konpromiso guztiak batzeko erronka du Euskal Herriak”, azaldu du. Askatasunaren ametsa errealitate bihurtzeko gatazka eta haren ondorioak konpontzeko lanean jarraitu beharra dagoela adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.