Santi Brouard eta Josu Muguruza omenduko dituzte asteartean, haien heriotzaren urteurrenean. Egia bide, askatasuna amets lelopean antolatu du ekitaldia Egiari Zor fundazioak. «Hamarkadetako gatazka eta enfrentamenduaren aroa gainditzeko aukera historikoak erronka berri baten aurrean kokatzen gaitu: askatasuna, egia eta memoria kolektiboa uztarturik, izan diren eta etorkizunean izango diren konpromiso guztiak ubide berean batzearena», esan zuen Ane Muguruzak, Josu Muguruzaren alabak. Memoria kolektiboak Euskal Herriko «aniztasun politikoaren» isla izan behar duela nabarmendu zuen. «Egiari heltzeko dauden modu eta ikuspegi guztiek osatu behar dute memoria kolektiboa».
Salatu dute gatazkaren ondorioz egindako eskubide urraketek ez dutela inolako aitorpenik izan eta Santi Brouard eta Josu Muguruzaren hilketen erantzuleak nortzuk diren ez dela argitu. «Erantzukizunak aitortu eta errepresioaren estrategia eta ondorioak bere gain hartu behar dituzte estatuek».
Euskal herritarrek, belaunaldiz belaunaldi, «askatasunaren bila eta haren alde» jorraturiko bidea gogoratu dute. Muguruzaren berbetan, «etengabeko konpromiso historiko horren testuinguruan» gertatu ziren Brouard eta Muguruzaren hilketak. «Askatasunarekiko konpromisoa hil nahi izan zuten. Milaka euskal herritarren kontra tiro egin zuten».
Gatazka eta enfrentamenduaren aroa gainditzeko «aukera historikoa» dela nabarmendu zuten. Horregatik, diotenez, askatasuna, egia eta memoria uztartuta, izan diren eta izango diren konpromiso guztiak batzeko erronka du Euskal Herriak. «Askatasunaren ametsa errealitate bihurtzeko», gatazka eta bere ondorioak konpontzeko lanean jarraitu behar dela diote. «Herritarren eskubide guztiak eta borondatea errespetatzea da askatasunaren erronka gorena».
Brouard eta Muguruza omentzeko ekitaldia egingo dute asteartean, Bilbon
Egiari Zor fundazioak antolatu du ekitaldia, eta 'Egia bide, askatasuna amets' lelopean egingo dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu