Europako Batzordeak 2014 eta 2020 urteen artean diruz lagunduko dituen trenbide sareen artean egongo da ardatz Atlantikoa. Hala, Euskal Herriko tren lasterraren egitasmoak sustatu eta lagunduko ditu Bruselak. AHTaren bidez Frantzia eta Portugal lotuko ditu ardatz Atlantikoak, eta Euskal Herritik igaroko da: Gasteiz eta Akize artean, hain zuzen. Nafarroatik barrena Mediterraneoko ardatzarekin lotuko da. Zehazki, proiektuen kostuaren %15 eta %20 artean finantzatuko du Bruselak. Herrialdeek jasoko duten dirua inbertsioetarako dituzte asmoen arabera egongo da. Lanetarako aurreikusi dituzten epeak betetzeko ere eskatuko diete laguntzak jasotzeko. Izan ere, sustatuko dituen azpiegitura proiektuak 2030erako martxan izatea nahi du Europako Batzordeak. Atlantikoko korridorearen kasuan, 2017rako amaituta izatea espero du.
Hamarproiektu lagundukoEuropako Batzordeak 2014. eta 2020. urteen artean. Proiektu horietara ia 32.000 milioi euro bideratuko ditu. Horrekin trenbide sare «erraldoi» bat sortu nahi dute. «Benetakoak eta eraginkorrak diren proiektuak dira aukeratu ditugunak. Europako Batasuneko trenbide sarea benetako sare bat izatea nahi dugu, ez puzzle bat», nabarmendu zuen atzo egindako agerraldian Sim Kallas Garraio komisarioak. Kallasek aurreratutakoaren arabera, sustatuko dituzten azpiegiturei esker 37 aireportuk eta 83 portuk lotura izango dute trenbide sarearekin. «Sarearen 15.000 kilometro inguru abiadura handikoak izango dira».
Europako Batzordearen arabera, ardatz Atlantikoko proiektua «ondo garatutakoa» da, eta garraio politiketan Bruselak funtsezkotzat jotzen dituen hainbat irizpidebetetzen ditu. Horregatik erabaki dute laguntzea eta sustatzea «Hiri nahiz gune ekonomiko eta sozial garrantzitsuak lotzen ditu. Gainera, errepideetako zirkulazioa arintzeko balioko du».
Ardatz Atlantikoa lehentasunen artean jarrita, Bruselak diruz lagunduko ditu trenbidearen zabalera nazioarteko neurrira egokitzeko lanak, portuekin egin asmo diren loturak eta Jundizko nahiz Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoak.
Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolak «pozik» hartu du berria. «Oso garrantzitsua da Europak politikoki eta ekonomikoki Euskal Y-a sustatzea. Ardatz Atlantikoa lehentasunen artean hartzea, benetako bultzada da proiektuarentzat». Arriolaren ustez, gainera, ekonomikoki oso erabaki garrantzitsua izango da. «Euskadiko enpresek lotura handiagoa izango dute Europakoekin, eta lehiakorragoak izango dira. Lanpostuak sortzeko eta garapenerako aukera paregabea da». Eusko Jaurlaritzak korridore Atlantikoa sustatzeko egindako lana ere ekarri du gogora Arriolak. «Zorte handia izan da laguntza horiek jasotzea, baina zortea bilatu eta landu egin behar da». Europako Batasunak herrialdeen arteko hamar proiektu laguntzea onartu izanaren garrantzia ere nabarmendu du. Erabakia «pozgarria» dela esan du baita ere Nafarroako Sustapen kontseilari Anai Astizek: «Nafarroatik igaroko den zatia estrategikoki kokatu da. Gizarte osoarentzat da eragingarria erabakia». Espainiako Sustapen ministro Jose Blancoren arabera, Euro erabakia «oso berri ona» da.
Epeak zorrotz
Herrialde bakoitzak, dena den, proiektuen inguruko xehetasunak jakinarazi beharko ditu 2014a baino lehen. Aurkeztutako txostenetan zehaztuko beharko dituzte, besteak beste, lanetan inbertituko duten dirua. Horren arabera, aguntza handiagoak edo txikiagoak jasoko dituzte. Blancok atzo bertan zehaztu zuen Espainiako Gobernuak 24.479 milioi euro inbertituko dituela ardatz Atlantikoko lan egiteko.Obrak egiteko aurreikusten dituzten epeak betetzeko ere agindu die Europako Batzordeak herrialdeei. Aste honetan bertan Sim Kallas Garraio komisarioak horren garrantziaz ohartarazi die Espainiako eta Frantziako Gobernuei. «Orain arte bi herrialde horiek laguntza handiak jaso dituzte AHTaren lanak egiteko, eta arriskua dago lanak egiteko epeak betetzen ez badituztelaguntza horiek kentzeko. Etorkizunean ere hala izango da».
Atzerapenak daudela onartu arren, oraindik ere epeak betetzea teknikoki posible dela iritzi dio Kallasek. Ardatz Atlantikoko lanean kasuan, Frantziako Gobernuak ikerketa gehiago eskatu ditu Euskal Y-a Baionarekin lotuko lukeen zatiaren inguruan. Portugalek, bestalde, AHTaren bidez Espainiarekin egin asmoa zuen loturaren proiektua bertan behera utzi du krisi ekonomikoagatik.
Bruselak AHTaren ardatz Atlantikoa sustatu eta lagunduko du
Euskal Herriko tren lasterraren proiektuak diruz lagunduko ditu 2014 eta 2020 artean Europako Batzordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu