Altsasuko auzia

Bruselak Altsasuko kasua "adi" jarraituko du

Frans Timmermans Europako Batzordeko presindenteordearen arabera, zigorrek ezin dute izan neurrigabeak; hala behartzen du Oinarrizko Eskubideen Gutunak.

Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordea. OLIVIER HOSLET / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2017ko irailaren 29a
16:23
Entzun

Europako Batzordeko presidenteordeak, Frans Timmermansek, hainbat eurodiputaturi gutun bidez erantzun die Europako Batzordeak "baliabide guztiak" erabiltzen dituela estatukideek Oinarrizko Eskubideen Gutuna betetzen dutela ziurtatzeko.

EAJko Izaskun Bilbaok, EH Bilduko Josu Jauristik, IUko Marina Albiolek eta Podemoseko Xabier Benitok Batzordearen iritzia eskatu diote. Timmermansek ziurtatu die kasua adi jarraitzen ari direla eta Europako Batzordeak "beharrezko neurriak hartzeko" ahalmena gordea duela. "Garrantzia handia ematen diogu herritarrek bidezko epaiketa izateko eskubidea errespetatzeari".

Bere erantzunean, Timmermansek gogorarazi duenez, "estatukideak behartuta daude Oinarrizko Eskubideen Gutuna errespetatzera EBko legedia ezartzerako orduan". Gaineratu du terrorismoari aurre egiteko EBko zuzentarau berriak "eraso terroristen edo terrorismoarekin erlazionatutakoen definiziora gutxieneko arau batzuk" ezartzen dituela. Gogoratu behar da Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak zuzentarau horri egiten diola erreferentzia Altsasuko zortzi gazteei terrorismoa leporatzean.

EH Bilduren iritzia

EH Bilduk prentsa ohar bidez esan du "kasuaren neurrigabekeria" agerian utzi duela Timmermansen erantzunak. "Europak ere kezkaz ikusten du Altsasuko gazteen aurkako prozedura guzti hau".

Koalizioak salatu du zigor eskaera handiei aurre egin behar dietela zortzi gaztek —62, 50 eta 12 urteko eskaerak egin ditu fiskalak—. Gogora ekarri du ere taberna batean izandako liskarragatik 319 egun jada kartzelaturik daramatela hiru gaztek. Berehala aske uzteko eskatu du. "Ez du inolako zentzurik eta erabat neurriz kanpokoa da gazte hauek kartzelan mantentzea".

Geroa Baik espero du mugarria izatea

Geroa Baik oso positibotzat jo du Timmermansen erantzuna, eta espero du mugarria izatea. Bruselak adierazi du neurrigabekeria egonez gero esku hartzeko ahalmena duela eta Unai Hualde parlamentariak garrantzia berezia eman dio adierazpen horri.

Hualderen arabera, nahiz eta zigor arloko auziak estatukide bakoitzaren eskumena diren, estatuek Oinarrizko Eskubideen Gutuna bete behar dute. “Bruselaren erantzunak bat egiten du irizpide honekin: ezarritako zigorrak epaitu beharreko gertaeren araberakoak izan behar dute”. Azkenik, Hualdek gogora ekarri du Europako Legebiltzarreko 52 parlamentarik, Kongresuko 74 diputatuk eta “estatu espainiarreko makina bat juristek” eskatu dutela terrorismo kalifikazioa kentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.