Etxerat elkarteko kideek eta gaitz larriak dituzten presoen senideek joan den astean Bruselara egindako bidaia hasia da lehenengo emaitzak ematen. Duela bi urte lehenengo harremanak egin ondoren, «proposamen eta konpro- miso zehatzak» jaso zituzten Europako Parlamentuko hainbat legebiltzarkiderengandik, eta horietako bat da datozen asteetan Alemaniara eta Suitzara egingo duten bidaia. Alderdi politikoekin eta giza eskubideen alde diharduten elkarteekin bilerak egiteko asmoa du han, eta, jakinarazi dutenez, Europako Batasuneko beste hainbat herrialde ere bisitatuko dituzte aurrerago.
Bereziki, gaitz larriak dituzten euskal presoen egoera azaldu zieten Bruselan GUE-NGL eta ALE Europako Aliantza Librea taldeetako, Flandriako Parlamentuko eta PDECAT Kataluniako Alderdi Demokrata Europarra, Irlandako Sinn Fein eta Podemos alderdietako ordezkariei. Urtzi Errazkin eta Patricia Velez bozeramaileek Donostian egindako agerraldian azaldu dutenez, gaitz larriak dituzten euskal presoei buruzko txosten bat eman zieten, zuzeneko testigantzaz gain. Errazkin: «Mendekuz eta ankerkeriaz estatuek mantentzen duten egoeraren berri izateak ustekabea eta haserrea eragin du legebiltzarkideengan».
Bruselan izandako harrerak indarra eman die senideei, eta Europako Parlamentuko ordezkariek agertutako borondatea nabarmendu dute Etxerat-ekoek: «Hainbeste trabaren eta oztoporen gainetik, norabide egokian lanean ari gara, eta horrek gure indarra hauspotzen du». Aitortu dute horrekin ez dela nahikoa izango «salbuespenezko espetxe politika bukatzeko», Frantziako eta Espainiako gobernuen jarrera kontuan hartuta: «Hala ere, aurrerapausoa eman dugula argi dugu».
Bertakoen «utzikeria»
Europako Parlamentuan aurkitutako jarreraren aurka, Espainiako eta Frantziako gobernuek presoen arloan duten «immobilismoa» salatu dute Etxerat elkarteko bozeramaileek. Ez hori bakarrik: Euskal Herriko instituzioen «utzikeria» ere kritikatu dute, eta baita «alderdi politiko eta sektore sozial jakin batzuen konplazentzia» ere.
Euskal presoak
Bruselan hasitako lana Alemanian eta Suitzan sakonduko du Etxerat-ek
Hango alderdiekin eta giza eskubideen aldeko taldeekin bilduko dira datozen asteetan. Gaitz larriak dituzten presoen berri emango diete

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu