Manifestazioaren aurretik hitz egin dute protestara deitu duten 18 eragileetako batzuen ordezkariek:
Maider Alustiza (Etxerat)
“Berriz ere Espainiaren mendeku gosea salatzeko gaude hemen. Oraingoan, osasun eskubideari egin diote eraso, eta gainera, senideei. Gure lana publikoa eta gardena da. Guk, gure senideen eskubide urraketen berri ematen dugu, hori salatzen dugu, eta hori egitea ez da delitua. Sakabanaketa behin betiko bukatu behar dugu, eta hori lortzeko gizarteari eta gizarteko ordezkari politikoei dei egiten diegu. Bukatu dezagun behingoz sakabanaketa eta eskubideen urraketa”.
Idoia Ibero (Sare)
“Erabat onartezina eta justifikaezina izan da polizia operazioa. Atxilotuen eskubideak urratu dira, eta, gainera, presoen osasun eskubidea ere bai. Finean, pertsona ororen eskubideak. Honen aurrean ezinbestekoa da norbanako bakoitzaren atxikimenduarekin osatuko den babes sarea ehuntzea”.
Amaia Muñoa (ELA)
“Jokabide guztiz antidemokratikoa izan da, baina, tamalez, ez da lehen aldia; ohituta gaude. Berriz ere lan politiko hutsa egiteagatik atxilotu dute jendea, eta inkulpatu. Horrek, oso argi erakusten du Espainiako Estatuaren helburua: presoen artean ez egotea antolaketa kolektiborik. Presoen eskubideak defendatzeko, mobilizazioak areagotu egin behar ditugu”
Jabi Gernika (LAB)
“Operazio hau inflexio puntu bat da presoen gaian. Jada senide izateagatik soilik jomugan jarri baitituzte presoen senitartekoak. Hau onartezina da. Kalean era zabal batean eskatu da behin eta berriz presoen auzia konpontzeko, eta bada garaia arlo politikotik eta instituzioetatik kalean egin den eskaerari bide emateko”