Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek uztailaren 6ean hasi zuten unibertsitate sarbiderako proba, eta bukatu dituzte azken azterketak. Nafarroako ikasleek, berriz, ekainaren 22ko astean egin zituzten azterketak. Iparraldeko ikasleek ez dute unibertsitatera sartzeko hautaprobarik egingo, eta, horren ordez, ebaluazio jarraitu baten bitartez lortuko dituzte unibertsitatera sartzeko notak.
Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban EHUko hiru egoitza nagusiak erabili dituzte, urtero bezala. Hala ere, COVID-19aren egoera bereziarengatik eraikin gehiago egokitu behar izan dituzte: BEC Barakaldoko Erakuste Azoka, Eibarko Armeria Lan Heziketa Zentroa, Eibarko Institutua, eta Gasteizko Ekialdea Institutua.
Aurreikuspenen arabera, EAEn 12.594 ikasle aurkeztu dira hautaprobara. Horietatik, %77k euskaraz egin dute, eta %26k, espainolez. Aurkeztu direnen artean 11.728 (%93) batxillergoko ikasleak dira. Lanbide heziketako ikasleak 822 izan dira (%6,5).