Gipuzkoa Zutik

Bulebarrean akanpatzea erabaki du Gipuzkoa Zutik mugimenduak

Donostiako Udaltzaingoak goizean hustu du Gipuzkoa plaza. Handik Bulebarrera joan dira protestariak; arratsaldean, batzarra egin eta plazara itzultzea erabaki dute, baina Ertzaintzak bidea oztopatu die.

2016ko ekainaren 6a
08:51
Entzun

Bulebarrean asanblada jendetsua egin du Gipuzkoa Zutik mugimenduak arratsaldean. Gipuzkoa Plaza berreskuratzen saiatzea erabaki dute bertan bildutako ehunka pertsonek. Manifestazioan joan dira harantz, baina Ertzaintzak bidea trabatu die; dantza eginez eta kantari erantzun dute manifestariek. Ertzain batzuk oldartu egin zaizkie, eta tentsio uneak izan dira. Gazte bat eraman dutela ere jakinarazi du Gipuzkoa Zutik-ek; ez dakite atxilotua edo atxikia dagoen.

Manifestariak Elkano kalean eseri dira, eta ertzainek atzera egin ez dutela ikusita, asanblada abiatu dute bertan. "Erabaki bat hartu behar dugu, ez tentsioa eragin", adierazi dute. Bulebarrera itzultzea eta bertan akanpatzea erabaki dute.

Duela astebete hasi zuen, Donostiako Gipuzkoa plazan, kanpaldia Gipuzkoa Zutik taldeak. Joan den astean plaza hustu zuten ertzainek, baina protestariak itzuli egin giren iluntzean. Gaur goizean, berriz, Donostiako udaltzainak joan zaizkie, ertzainek lagunduta, plaza berriz husteko.

Goizeko hamarretan, segurtasun indarrak bertaratu eta gutxira, kanpalekua hustu dute Gipuzkoa Zutik-eko kideek, eta Bulebarrean bildu dira, ondorengo orduetan zer egin erabakitzeko. Ez da lehen aldia segurtasun indarrak bertaratzen direla han bildutakoak bidaltzeko asmoz. Baina antolatzaileek ohartarazi dute ez dituztela protestak etengo.

Gipuzkoa Zutik-eko kideek Bulebarreko kioskoaren inguruetan egin dute batzarra, eta bertan izan da elkartearen abokatua ere. Plataformako kideek Ez goaz etxera dioen kartel handi bat ere zintzilikatu dute kioskotik. Baina han zeudela Ertzaintza eta udaltzaingoa azaldu dira, eta kartela kenarazi ostean kioskoan zeuden kideak handik ateratzen hasi dira udaltzainak. Azkenean, ordea, barruan geratu dira protestan ari zirenak; udaltzaingoak kioskotik kanpora bota ditu haien tresnak.

Ertzaintza bertan egon den bitartean plataformako abokatua ezin izan dela sartu salatu dute. Gertatutakoa salatzeko manifestaziorako deia egin dute; arratsaldeko zazpietan irtengo da, Bulebarretik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.