Burlatako Udalak (Nafarroa) «harridura eta atsekabea» agertu ditu Nafarroako Auzitegi Nagusiak joan den astean hartu zuen erabakiaren harira. Auzitegi horrek ontzat jo zuen kondena apaltzea 2023an Burlatan 13 urteko neska bat bortxatzeagatik zigortutako gizonezkoari, eta adierazi biktimaren itxura ikusita «arrazoizkoa» dela bortxatzaileak pentsatu izana neska helduagoa zela. Hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri zion Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2. atalak joan zen urtarrilean; Auzitegi Nagusiak lau urte eta erdi murriztu dio orain zigorra.
Ikusi gehiago
Udalak agiri batean salatu du bigarren instantziako erabaki hori «biktima entzun eta ikusi gabe» hartu dutela. «Estereotipo matxistetan oinarritzen da balorazio hori, eta berriz biktimizatzen du sexu erasoa jasan duen neskatoa». Fiskaltzari dei egin diote Auzitegi Gorenean helegitea jar dezan eta hala berriz ezar dadin Nafarroako Auzitegiak lehen instantzian hartutako erabakia, «biktima adingabea babesten baitzuen».
Gertakari «arbuiagarri haiek» jazo zirenean bezala, «babesa eta elkartasuna» helarazi dizkiete biktimari eta haren sendiari, eta udalaren baliabide guziak haien esku jarri . Burlatako Talde Feministak gaur 19:30erako antolatua duen protestan parte hartzera deitu dute.