Istripu lazgarria gertatu da gaur goizaldean Burlatan (Nafarroa). Kale nagusia eta Belosoko aldapa lotzen dituen biribilgunean, erori egin da moto bat, eta hil egin da atzean eserita zihoan 49 urteko emakumea. Gidaria, berriz, onik dago.
Larrialdi zerbitzuek 07:17an jaso dute abisua, eta ezbeharra gertatu den tokira joan dira bi anbulantzia, Burlatako Udaltzaingoa eta Foruzaingoa.
Emakumea Iruñera eraman du anbulantzia batek, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, bizirik, baina bertara heldu eta gutxira hil da. Foruzaingoak ikerketa hasi du zer gertatu den argitzeko.