Ihes egiteko arriskua" eta "auzipetuaren emaztearen segurtasun fisikoa bermatzea" izan dira kartzelaldia ezartzeko motibo nagusiak.
Epailearen aurrean, 53 urteko F.O.E. auzipetuak adierazi du ez duela gertatutakoa gogoratzen, alkohol, pilula eta bestelako substantzia toxikoak hartu zituelako. Hainbat lekukok identifikatu dute, ordea, eta hilketaren aurretik, "norbait hiltzeko" prestatzen ari zela esan ei zion lagun bati Mendillorriko taberna batean, Iruñeko Udaltzaingoak eginiko atestatu batean jasotzen denez.
Astearte gauean hil zuten George Coconasu, Burlatako La Nogalera tabernan. Erasotzaileak ihes egin zuen, eta biktima erietxean zendu zen, bularraldeko zauriak eragindako odolustearengatik. Coconasuren bikotekideak, alta, ustezko hiltzailea identifikatu zuen berehala. Andrearen esanetan, bere senar ohiak eraso zien aiztoarekin. Arratsaldean, bere burua aurkeztu zuen Guardia Zibilaren aurrean, Iruñean; atxilotu egin zuten.
Poliziak emandako bertsioaren arabera, erasotzailea ez zen tabernara sartu ere egin: zabalik zegoen leiho baten ondoan hizketan ari ziren biktima eta bikotekidea, eta erasotzaileak egoera baliatu zuen, kanpoaldetik leihora hurbildu, besoa barrualdera sartu eta, eraso egin ostean, ihes egiteko. 21:43an jaso zuten abisua SOS Nafarroan. Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten biktima, 22:35ean, eta han hil zen. Medikuen arabera, bihotzetik oso gertu eman zioten labankada.
Krimena gertatu zenetik ordubetera, auzipetuaren anaiak berak Burlatako Udaltzaingora deitu zuen, eta gertatutakoaren erantzulea F.O.E. izan zitekeela esan zuen.
Gertakaria Mendillorrin
Ez zen Burlatako Udaltzaingoak jasotako informazio bakarra izan. Iruñeko Udaltzaingoak ere txosten bat igorri zion, egun berean, zenbait ordu lehenago, Mendillorri auzoko kafetegi batean izandako istiluei buruz. Iruñeko polizien arabera, F.O.E. auzipetuak kalte materialak eragin zituen kafetegi hartan, eta ozen esan zuen bere emaztearen etxera zihoala, "ederra egitera".
Lagun batekin gelditua zen han, eta eztabaida gogor baten ostean, jo egin zuen. Gerora, animoak baretze aldera, F.O.E.-ren lagunak whatsapp bat bidali zion, eta epailearen arabera, auzipetuaren erantzuna honako hau izan zen: "Norbait hil nahi dut. Ez zaitez tartean jarri".
Bertsio hori berretsi zuen kafetegiko arduradunak ere. Haren esanetan, jakaren poltsiko batetik mozorro eta eskularru beltzak atera zituen F.O.E.-k, eta ozen hitz egin zuen "norbait hiltzeari" buruz: "Esan zigun Burlatara jaitsi, eta norbait hilko zuela, horretarako prest zegoela eta autoan katana bat zeramala", esan zuen Mendillorriko kafetegiko arduradunak, epailearen txostenean jasotzen denez.
Horrez gainera, F.O.E.-ren anaiak adierazi du urriaren 31n Whatsapp bidez hitz egin zuela auzipetuaren semearekin. Epailearen ustez, gazteak bidalitako mezu guztien artean, bat bereziki esanguratsua da: bere aita labana batekin "amaren amorantearen bila" atera zela zioena. Hilketaren berri izan zutenean, auzipetuaren semeak beste mezu bat igorri zion osabari, "seguru aita izan dela" esanez.
Emazteak ere hainbat mezu jaso zituen egun horretan bertan, "gero eta bortitzagoak". Hain zuzen, emazteak ziurtasun osoz adierazi du bere senarra dela Coconasuren hiltzailea, hilabete osoan mehatxuka ibili baitzitzaion.