BURTSA. Adreilukada buruan

Joseba Barandiaran Andueza.
2007ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Ibex-35 osoa odoletan, 408 punturen galera eta, finean, adreilukada latza gure indizeek atzo jasotakoa. Ohi denez, "blue chip"ek eragin zuten zulorik handiena: Santanderrek (-%3,05) 75 puntu kendu zizkion Ibex-35 indizeari, BBVAk (-%2,84) 53 eta Edurnezurik (-%1,6) 38. Baina txerrikia, eraikuntzari lotutako enpresetatik atera zuten ehiztariek, Astroc kasuari egotzi, baina egiturazko osagaiak badituen egoeran. Inmocaral (-%11,27), Sacyr (-%8,15), FCC (-%6,7) edota Accionak (-%5,07) jasotako adreilukada edozein basurde KO utzi zezakeen. Sabadell eta Bankinter bankuek ere %5na pasa galdu zuten, Popular, Metrovacesa eta NH Hotelesek ere %4na pasa. Kontua garbi dago: etxebizitzak ezin dira jan, prezioek zerura jo dute eta Espainiako ekonomiaren produktibitatea oso baxua da. Herenegun hala zen eta etzi ere hala izango da. Besterik da burtsak non noiz zer irakurtzen duen. Atzo, 6.989 milioiren akzioak salerosi ziren.

Etenik gabeko gainbehera. Astroc (-%9,48 atzo, bezperan %37,23 jaitsi ondoren) higiezinen enpresa da gehiegi loditzen den txerritxoaren adibidea. Joan den asteko tiroketaz gain (%40 pasa galdu zuen egun bakarrean), gainbeherak ez du etenik. Bañuelosen enpresaren akzioa 72,6 euroan salerosten zen otsailak 26an, ordura arte zenik eta Saltzeko Eskaintza Publikorik (SEP) errentagarriena osatuz. Atzo, 15,95 euroan paratu zen kotizazioa. Hor ere izango da txerritxoari odolki ederrak atera dizkionik; baina baita odolkiak ordainetan jaso dituen espekulatzailerik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.