Eibar-Gasteiz autopistak ezusteko arazoak, traba teknikoak edota anhidritak topa ditzake. Gure indizeek euren bideari eusten diote, gora eta gora euskal erdiko ereserkiaren gainetik eta Greenspan Txinari irrational exuberance egozten ari zaiolarik. Alegia, oparotasun irrazional batek bizi gaitu. 3.878 milioiren akzioak mugitu ziren, horietan 1.142 Santander bankuarenak (+%1,98). Banku gorria (!) hipotekez bermatutako zedula edo zorra jaulkitzeko gai izan da egungo giro nahasian, duen osasunaren erakusle. Ondorioz, Edurnezurik(-%0,48) tunel itxura ez duen jaitsieratxoa izan arren, indizeek beste maximo bat jartzea lortu zuten. Gamesa (+%2,64) energia berriztagarrien inguruko abiadura handiko neurriek lagundu dute. Eta Antena 3 eta Cintra ere %2na pasa irabazi zuten. Ferrovialek eta Gas Naturalek %2na pasa galdu zuten, baina inork ez zion jaramonik egin AEBetako kontsumitzaileen konfiantza datuari: jaitsi egin da.
Merrill Lyntchek bere kontseilari ordezkari O'Neal kaleratu duen egun berean, Santander bankuak beste 1.500 milioiren zorra jaulki du, eta 5 urtera Euribor+%0,13 ordainduz, 1.800 milioirako eskaria bildu du. Azken urteetan Espainiako hipotekek bermatutako zorrek atzerrian izan duten harrera onak abuztuan etena izan ondoren, Emilio Botin buru duen bankuak tunelaren amaiera ikusi du. Euskal banku eta aurrezki kutxentzat ere mugarri lasaigarria izan liteke atzoko jaulkipena. Horrek berak maileguak ematea erraztuko die, batik bat finantza bitartekarioi.
BURTSA. Anhidrita arrastorik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu