BURTSA. Bermeorainoko poza

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Iparraldeen dagoen euskal herriraino, Bermeoraino iritsi da Kafe Antzokien baga. Antzeko poza, ia neurrigabea, sentituko zuten akzio azokek atzo, Citigroupek azken hiruhilean galdu dituen 3,2 mila milioiei txikikeria iritzita. Kafe Antzokian adinako poz dantza izan zen txerritxo ehiztarien aldetik eta %4,86 irabazi du astean Ibex-35 indizeak; 2006k uztailetik izandako aste oparoena, Wall Street lagun. Subprime enbataren zatirik txarrena pasa dela dio zenbaitek, kaiko moila oraindik hautsita ikusi arren. Kapitala hedatzen ari dira kalteak jasan dituzten finantza erakundeak (Royal Bank of Scotland hurrena) eta inbertsiogileen babesak hor dirau, itxuran. Emaitzak, bestalde, onak: Antzokienak kulturan beste, txerritxoenak dirutan. Renovables (+%1,1), urrutira gabe, hiruhilean 126 milioira iritsi da, iazkoak bikoiztuz. Sacyr edo Grifolsek %5na irabaztea bat da; baina bi banku handienek ere %3na pasa egin zuten gora.

Dolarra %1,1 indartu zen atzo, euroko 1,57ko mailara, Citigroupen emaitzak jakin ostean. Egoera txarrera ez doala ondorioztatu dute inbertsiogileek. Dena den, banku bakar baten emaitzetatik AEBetako ekonomiaz ondorio azkarregiak ateratzea ere ez da komeni. Finean, aldakortasun handiko garaia da hau eta igoerei bezala jaitsierei ere eragin diezaieke. AEBetan dirua merkatzea aukeratu dute jardueraren mesedetan, Eurogunean interes tasak mantentzea inflazio kontrolatzearen mesedetan. Egungo interes tasekin enpresek mozkinei eutsiz gero, Trichet zuzen lebilke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.