BURTSA. Diskurtso bi

Joseba Barandiaran Andueza.
2007ko urriaren 2a
00:00
Entzun
EAJn auskalo, baina burtsan bi diskurtso nagusi daude. Batak dio gauzak ez doazela txarto, oinarrizko datuak onak direla eta erosteko aukera apartak eskaintzen dituela akzio azokak, enpresen emaitza onak lagun. Atzo diskurtso hori nagusitu zen. Beste diskurtso bat bada, aldiz, AEBetako subprimeekin hasita, egun mailegu krisi batez ari dena. Citigroup, UBS edo Credit Suisse gisako erraldoien emaitza txarrei erreparatzen die horretarako, besteak beste. Wall Street liderra diskurtso baikorrari atxiki zitzaion atzo eta Ibex-35 zenbaki beltzetara eraman zuen. 5.012 milioiren salerosketa itzela izan zen, azoka egun berezia balitz lez. 1.376 milioiren akzioak mugitu zituen Edurnezurik (-%0,76) bakarrik. Endesa (-%0,25) Ibex-35eko (+%0,18) tropeltxotik dimisioa ematear da eta ordezkoen aulkian begira ari dira jada adituak. Aguas de Barcelona (+%2,44) ere bide bertsuan jarri liteke, Suez (+%1,19) eta LaCaixaren EEParekin.

Net Bank. Net Bank zuen izena eta AEBetako internet bidezko banku zaharrena zen. Kaudimen arazoak izan ditu ordea eta FDIC, AEBetako gordailuak bermatzen dituen erakundeak, salmenta azkar baten bidez ING Direct erakundearen esku laga du Net Bank. ING da AEBetako internet bidezko bankurik handiena. Banku baten bezero oheratu zirenak, bestearen bezero zirela iratzarri dira, asteburuaren bueltan. Nolanahi den, konfiantza mantentzea da erakundeen funtsezko zeregina eta eragiketa azkar eta ez istilutsuaren bidez, helburua lortu dutela dirudi. Ez da gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.