Halaxe dago atzodanik Bilboko burtsa. Azkunak so esan arren, ministeritza sozialistaren xelebrekeria aurrera baitoa: Abandoko geltokia birbataiatzeari arre egin eta burtsako eraikina Prietoren izena osatzen duten hizki argidunei so gelditu da. Ibex-35aren maximo berria ospatzeko modu xelebrea, nolanahi ere. Wall Streeti jaramonik egin gabe jokatu zuten gure indizeek, Espainiako ministroa Bilboko toponimiari bezain ezaxola. Codere (+%4,76) kasino kudeatzailearen estraineko eguna ere izan zen atzokoa. BME (burtsa bera) eta Repsol-YPF %3na pasa igo ziren. Duela 20 urte New Yorkeko burtsa %22 jaitsi zeneko urteurrenari ere ezaxola jokatu zuten inbertsiogileek, astelehen beltz historikoak ez zuen atzoko ostiral arruntean eragin. Ferrovial, Gas Natural eta Bankinterrek %1na pasa galdu zuten eta blue chip-ek lasaitasun handiagoz hartu zuten eguna. 6.478 milioiren salerosketa izan zen, kopuru polita dudarik gabe.
Sarkozy. Sarkozyk, Merkelek eta Brownek finantza merkatuen gardentasun handiagoa eskatu berri dute, finantza krisiaren eragina mugatua izango dela baieztatzearekin batera. Funts espekulatzaileei aurre egiteko adorez agertu zen Sarkozy.
Vocento. Vocento (+%0,51) taldeak ukatu egin du erosteko eskaintza formalik jaso dutenik. Espainian publizitatearen merkatua, %10 baino gutxiago baina, haztea espero dutela baieztatu zuen atzo eta joera aldaketarik ez dutela somatzen egoera ekonomikoaren eraginez.
BURTSA. Indalecio Prietori so
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu