«Burujabetza osorako bidean jauzi bat» egin behar dela adierazi du Gure Esku-k

92 urte bete dira autonomia estatuaren proposamenari buruzko erreferendumetik, eta zortzi Getxon herri galdeketa egin zutenetik. Eguna baliatuta, Gure Esku-k adierazi du burujabetza «tresna ezin hobea» dela herritarren bizimodu duina bermatzeko.

Gure Esku-k agerraldia egin du gaur Getxon. GURE ESKU
Gure Esku-k agerraldia egin du gaur Getxon. GURE ESKU
Olatz Silva Rodrigo.
Getxo
2025eko azaroaren 5a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Data esanguratsua da azaroaren 5a: duela 92 urte, autonomia estatutuaren proposamenari buruzko erreferenduma egin zen Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Duela zortzi, berriz, Gure Esku-k bultzatuta, Euskal Herriari buruzko estatusaren inguruko herri galdeketa bat egin zen Getxon. Egun hori baliatuta, argi utzi du gaur Gure Esku-k: «Burujabetza osorako bidean jauzi bat egin behar dela nabarmendu nahi dugu; eta gogorarazi nahi dugu autogobernua, burujabetza, herritarren eskubide guztien bermean baino ezin dela eraiki».

«Iragana gogoratzeko» eta «etorkizunari begiratzeko», agerraldia egin du Gure Esku-k Getxon. 30 lagun inguru elkartu dira, eta bertan izan dira Getxoko herritarren hainbat ordezkari, besteak beste, Iñaki Zarraoa alkate ohia, Arantza Itsasmendi abokatua, Bego Galdeano irakaslea eta Endika Guarrotxena futbolari ohia.

«Dagoen aukera aprobetxatu beharra dago Euskal Herriaren burujabetzarako bidean aurrera egiteko, euskal lurraldeen arteko harremana estutzeko eta herri libre bat eraikitzen joateko»

HELENA FRANCO IBARZABAL EHUko irakaslea

«Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da; erabakitzen hasteko garaia da», azpimarratu du Helena Franco Ibarzabal EHUko irakasleak. Haren hitzetan, euskal herritarrek «euren herri kontzientzia garatzeko» eta euren «burua gobernatzeko» hainbat bide garatu dituzte historia osoan zehar. Hortaz, dagoen «aukera» aprobetxatu beharra dago «Euskal Herriaren burujabetzaren bidean aurrera egiteko, euskal lurraldeen arteko harremana estutzeko eta herri libre bat eraikitzen joateko». Francok esan du egungo errealitate berriei aurre egin beharra dagoela, eta euskal herritar orok bizimodu duin bat bermatua izan behar duela. Horretarako, ezinbestekotzat jo du «herri honek erabakitzeko ahalmen gehiago» izatea.

Oier Errementeria Gure Eskuko kideak gogorarazi duenez, duela 92 urte herritarrek baiezkoa eman zioten foru aldundiek egindako autonomia estatutuaren proposamenari. Gainera, emakumeek lehen aldiz botoa emateko aukera izan zuten Euskal Herrian, gerora frankismoak hura zapuztu zuen arren. Alde horretatik, nabarmendu du «borroka luze baten ondoren» lortutako eskubideak «gauzatze praktiko» bihurtu zirela 1933ko azaroaren 5eko erreferendumean.

Herritarrak, norberaren interesen gainetik

Estatutu horren sustatzaileetako bat Jose Antonio Agirre izan zen, Getxoko alkate izandakoa, gerora lehendakari kargua hartu zuena. Haren belaunaldiaren lana aintzat hartu du Errementeriak, eta adierazi du «herria eta herritarren eskubideak» euren interesen gainetik jarri zituztela. «Gerra bete-betean, Eusko Jaurlaritza gidatu zuen, estatutu horren eskumenak garatzeko». Gobernu plurala izan zen urte horietakoa, garai historiko hark «batasuna» eskatzen baitzuen frankismoari aurre egiteko. Belaunaldi hark egindako lana gaur egunera ekarri du Francok: «Agirre lehendakariaren belaunaldiari begiratzen diogu: jar dezagun herria, jar ditzagun herritarrak, norberaren interesen gainetik, eta aprobetxa dezagun aukera».

Garai horretatik jasotako hiru ideia nagusi plazaratu ditu Errementeriak: «Duintasuna, herria ezin dugula gorrotoaren gainean eraiki, eta itxaropena». Hain justu, «albiste txarrak arrapaladan» iristen diren garaian, itxaropenerako deia egin du Xabier Agirre Arizmendi Jose Antonio Agirre lehendakariaren ilobak. «Sinetsita gaude jendarte honek, euskal jendarteak, herritar guztien eskubide guztien gainean eraiki nahi duela etorkizuna», adierazi du.

Agirrek uste du autogobernua eta burujabetza «tresna ezin hobea» direla eskubideak zabaltzeko eta herritarren bizimodu duina bermatzeko. «Ez dago herri librerik bertako herritarrak ere libreak ez badira», azpimarratu du. Haren arabera, burujabetza eta eskubideak ezin dira bereizi, eskubideak bermatuta izateko «ahalmena eta baliabideak» ezinbestekoak baitira.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkairako autonomia estatutu proposamenari buruzko erreferenduma egin zen 1933an, eta emakumeek botoa emateko eskubidea izan zuten lehen aldiz. BERRIA
Araba, Gipuzkoa eta Bizkairako autonomia estatutuaren proposamenari buruzko erreferenduma egin zen 1933an, eta emakumeek botoa emateko eskubidea izan zuten lehen aldiz. BERRIA

1933ko erreferenduma egin eta 84 urtera, getxoztarrek Euskal Herriko estatusari buruzko herri galdeketan hartu zuten parte. Gure Esku-k bultzatu zuen «herritarren eskubideen eta Euskal Herriaren burujabetzaren alde egindako ariketa demokratiko» hura, Errementeriak gogorarazi duenez. 2017ko otsailean ekin zioten kontsultara deitzeko prozesuari. Galdeketari babesa emateko 7.448 sinadura bildu zituzten. Adostasun nahikoa zegoela ikusita, galdeketa egin zuten azaroaren 5ean.

«Hori da bidea», esan du Francok, euskal herritarrek eskubidea dutelako «etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko». Haren hitzetan, iragana «orainari aurre egiteko» eta «etorkizuna eraikitzeko irakaspen kutxa» bat da. Agirrek idatzitako gutun bat ekarri du gogora haren ilobak; zera zioen: «Ez da ulertzen nolatan dagoen Europa bakean, bere ordena propioa ezarrita, gizakiak eta herriak bertan preso baldin badaude». Horri tiraka, konpromisoa hartu dute «aniztasunez eta egunero lan eginez herri librez osaturiko herri librea» eraikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.