Bushek 6.000 soldadu bidaliko ditu Mexikoko mugara

Mugan "kontrol osorik ez" dagoela-eta 6.000 soldadu bidaliko dituela esan du George Bush AEBetako presidenteak. Soldadu horiek mugako poliziaren laguntzaile eta hezitzaile izango dira eta zaintza sistema bideratu, inteligentzia informazioa aztertu, eta harresiak eta errepideak eraikiko dituzte. Bushek azpimarratu duenez, "ez dira jendea atxilotzera joango. Zeregin hori mugako poliziarena da".

2006ko maiatzaren 16a
18:47
Entzun
Guardia Nazionaleko 6.000 soldadu bidaliko ditu George Bushek Mexikoko mugara, AEBetara igarotzen diren legez kanpokoak kontrolatzeko "nahikoa indarrik ez" dagoela-eta. Mugak eragiten dien estatuetako gobernadoreekin koordinaturik egingo du lan Bushek, eta soldaduen zeregina mugako polizia laguntzea eta heztea izango da, AEBetako presidenteak argitu duenez. Izan ere, neurri horrek muga militarizatu dezakeela-eta kezka handia eragin du bi aldeetako politikarien eta herritarren artean. Bushek azpimarratu duenez, "ez dira bertara jendea atxilotzera joango, muga polizia laguntzera eta heztera baizik".

2008 urtera arteko neurria izango da, mugako poliziak hartu arte zeregin horiek, Bushek esandakoaren arabera. Mugaren segurtasuna indartzeko hesiak eraikiko dira, eta segurtasun neurri indartsuak ezarri, kamerak eta sentsoreak, besteak beste.

Migrazio sistema erabat aldatzeko senatuan berriz hasi dira eztabaidatzen, eta Bushek hartutako neurri horiek betetzeko baliabideak eskatu ditu. Bushen arabera, mugaren segurtasun neurriak gogortuz "emigrazio legalari ateak zabaltzen zaizkio, eta legez kanpokoei, narkotrafikatzaileei, gaizkileei eta terroristei ateak itxi".AEBetako herritarrek egin nahi ez dituzten lanak egiteko zabalduko lituzke mugak. Behin-behineko lanak egiteko "modu legala izango litzateke", esan du.

Baina muga arazoak ez dira bakarrak, Bushen arabera, migrazio sistema hobetzeko. Horrez gainera, "kontratuak egiten dituzten enpresarioek ardura har dezaten behar da, legez kanpo dagoena kontratatzea legearen kontrakoa baita. Dena den askotan ezinezkoa du enpresarioak agiriak legezkoak diren baieztatzea, faltsifikazioa kontrolatzea oso zaila baita gaur egun. Beraz, inmigrazio programaren aldaketa integral batek beharrezkoa dauka agiriak baieztatzeko sistema hobetzea eta langileak hautatzea".

Bushek argitu duenez, ez du "amnistia bat" defenditzen, "AEBetan sustraituak dauden kanpotarren egoerari aurre egitea da helburua". Pertsona horiek diru bat ordaindu beharko dute eta "herritar onak" direla erakutsi AEBetan lan egin ahal izateko. "Paperak ez dira automatkoki lortuko". Horrez gainera, ezinbestekoa izango da ingelesa jakitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.