'Cabacas auzian' deklaratu duten ertzainek diote ez dutela ezer gogoratzen

Lekuko gisa agertu dira epailearen aurrean. Manu Cabacas: «Justizia kenduko digute, baina egia ez, guztiek baitakite zer gertatu zen»

Jone Goirizelaia —erdian—, ondoan Iñigo Cabacasen guraso Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu dituela, atzo. M. RAMIREZ / ARP.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko otsailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Cabacas auzian lekuko gisa deklaratu duten bi ertzainek ez dute ezer argitu 2012ko apirilaren 5ean San Mames inguruan (Bilbo) gertatutakoaz, eta Cabacas-Lizeranzu familiaren abokatuaren eta inputaturik dagoen beste ertzain baten abokatuaren galderei erantzun diete esanez ez dutela ezer gogoratzen.

Familiaren abokatuak 2016ko apirilean eskatu zuen bi ertzain horiek deklara zezatela, inputatutako ertzain baten deklarazioaren ondorioz jakin zutenean gau hartan kaleko jantzitako ertzain bi egon zirela inguruan. «Harrigarria da», esan du familiaren abokatu Jone Goirizelaiak deklarazioa hasi aurretik; «antza denez, hasiera-hasieratik ezaguna zen bi ertzain horiek egon zirela, baina guri inork ez digu horrelakorik esan, ezta gertatutakoarekin nolako harremana izan zuten ere».

Familiak eta haren abokatuak bazuten itxaropena bi lekuko horien deklarazioak argibideren bat ekar zezakeela gertatutakoaren inguruan. Ez da horrela izan, eta ertzainek behin eta berriro esan dute abokatuen galderei erantzunez ez dutela ezer gogoratzen.

2012ko apirilean hil zen Iñigo Cabacas, ertzainek pilotakada batez buruan jota. Bilboko Instrukzioko 10. Epaitegiak hartu zuen gaia, baina, oraindik, auzia instrukzio fasean dago. Iazko abenduan, instrukzio fasea sei hilabetez luzatzea erabaki zuen Ana Torres epaileak; teorian, aurtengo ekaina baino lehen erabaki beharko luke epaiketa egiten duen edo auzia artxibatzen ote duen.

Familia, «etsita»

Deklarazioa hasi aurretik, hedabideen aurrean agertu da Manu Cabacas, Iñigo Cabacasen aita. Esan duenez, familia «etsita» dago, ikusita laster bost urte beteko direla gaztea hil zenetik eta ikerketak ez duela aurrera egiten. «Argi gelditzen ari da justizia ez dela berbera guztientzat», deitoratu du.

«Dena dela, justizia kenduko digute, baina egia ez, mundu guztiak baitaki zer gertatu zen», erantsi du Manu Cabacasek. Esan duenez, auzia «luzeegi» jotzen ari da, baina, hori baino gehiago, denbora horretan guztian ikerketak emaitzarik ez izatea egiten ari zaio «etsigarri» familiari.

Goirizelaiak gogorarazi du duela ia urtebete eskatu zutela bi ertzain horiei deklaratzera deitzeko, eta eskatutako beste zenbait froga atzera bota dizkietela —esaterako, Ugarteko esaten dioten ertzainak, lekuko izan beharrean, inputatu gisa deklaratu behar izatea—.

Fiskalaren jarreraz ere «harridura» agertu du Gorizelaiak: «Pentsatzekoa da fiskalaren zeregina instrukzioa bultzatzea, frogak eskatzea eta gertatutakoa argitzea dela». Baina, esan duenez, auzi honetan kontrakoa gertatzen ari da.

Goirizelaiak adierazitakoaren arabera, fiskalak ez du «froga bakar bat ere» eskatu: «Guk eskatu ditugunean, behin baino gehiagotan kontra azaldu da, eta familiak proposatutako guztiari helegitea jarri dio». Lekuko gisa deklaratu duten bi ertzainen kasuan ere fiskalak ez die galderarik egin.

Bi ertzainen deklarazioaren aurretik, Goirizelaiak esan du itxaron egin behar zela deklarazio horrek zer ematen zuen ikusi arte, eta horren arabera erabakiko zutela froga gehiago eskatuko duten edo ez.

Edozein modutan, Goirizelaiak uste du instrukzio fasea asko luzatzen ari dela, eta laster fase hori bukatu eta epaiketa egitearen alde azaldu da. Bi lekukoen deklarazioaren emaitza ikusita, oso litekeena da hau izatea instrukzio fasearen azken diligentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.