Cabacas hil eta hiru hilera, isilunea egin du Udalak; «berandu», senideen ustez

Hitza ez betetzea egotzi dio gaztearen aitak Aresi: informaziorik eta laguntzarik ez ematea, eta «ezkutatzea»

Bilboko udaletxeko atarian atzo egindako elkarretaratzea. Iñaki Azkuna alkatearen ezker-eskuin, Iñigo Cabacas gazte zenduaren gurasoak ageri dira. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Apirilaren 9an hil zen Iñigo Cabacas Lizeranzu, hiru egun lehenago Athleticen garaipena ospatzen ari zela Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo ondoren. Hiru hilabete igaro direla, hamar minutuko isilunea egin du Bilboko Udalak hildakoaren alde.Udal talde guztiek parte hartu zuten atzo egindako isilunean, eta Iñaki Azkuna alkateak alde banatan izan zituen Cabacasen gurasoak, hunkituta. Ekitaldia amaitu ondoren eskerrak eman zituen arren, «minduta» azaldu zen Manuel Cabacas, Iñigoren aita. Udalak izan duen jarrera salatu zuen. Baita Herrizaingo Sailak eta bereziki Rodolfo Ares sailburuak izan dutena ere.

Isilunea, bere semeak merezi zuen gutxienekoa dela iruditzen zaio familiari: «Bazen garaia». Eta, ekitaldia eskertu duen arren, «berandu» datorrela nabarmendu du aitak.

Esker sentikorragoak izan ditu beste batzuentzat: babesa eskaini dieten herritar guztientzat, semearen lagunentzat, gertaera salatu eta elkartasuna helarazi dieten kirol taldeentzat, eta Basauriko Udalarentzat. Bilbokoak ez bezala, hasiera-hasieratik salatu zuen Cabacasen heriotza Basauriko Udalak, eta gaztearen aldeko omenaldia antolatu zuen.

Ares sailburuak egindako mina ere ez zuen isildu gaztearen aitak: «Gurekin egongo zela esan zuen, laguntza emango zigula, baina ez da hala izan; ezkutatu egin da».

Semeaz oroituta, hitz ederrak besterik ez zaizkio etorri; emozioak etendako hitzak: «Sekula inori minik egiteko gai ez zen pertsona zoragarria zen. Gurekin eta maite zuten guztiekin egongo da beti».

Jone Goirizelaia ari da Cabacasen familiaren abokatu lanetan, eta hasieratik argi zegoena are argiago geratzen ari dela ohartarazi du: Aresek eman zuen bertsioa ez datorrela bat errealitatearekin. Auzia abiatu aurretiko ikerketetan ari dira epaitegian, eta gaur amaituko da lekukoen testigantzak jasotzeko txanda. «Oso argi dago zer gertatu zen; lekuko guztiek esan dute gauza bera: han ez zen ezer gertatzen; Athleticen garaipena ospatzen ari ziren, eta ez zegoen poliziaren presentzia eskatzen zuen ezer. Beraz, poliziaren jarduna ez zen beharrezkoa; injustifikatua izan zen, eta, argi eta garbi, neurriz kanpokoa».

Familiak ikerketa «amaieraraino» eraman nahi duela azaldu du Goirizelaiak, eta «Poliziaren bertsioa indartu nahian atestatuetan tranparik ez egiteko» eskatu du.

Ondoan, baina nahastu gabe

Gainontzeko udal ordezkariak bezala, Bildukoak ere izan ziren atzo isilunean. Baina ez gainontzekoen alboan. Eskaileretan beherago egon ziren, Cabacasen lagunen inguruan. Gaztearen aldeko ekimen guztietan parte hartu nahiagatik egon zen isilunean, baina EAJ, PSE-EE eta PPko zinegotzien artean nahastu gabe, Udalaren jarrerarekin ez dutela bat egiten erakusteko. Auzia erabat argitu dadila aldarrikatu zuen Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak, eta Aresen dimisioa eskatu. Egungo polizia ereduari buruzko hausnarketa sakona ere proposatu zuen Bildukoak.

Polizia eredua «oinarritik» aldatu beharra aldarrikatu du Eleak mugimenduak ere. Izan ere, «gure herriak azken hamarkadetan pairatzen duen indarkeria polizial gordinaren azken biktima» da Cabacas, haren ustez. EAk, berriz, egia argitu eta erantzukizun guztiak kitatzeko eskatu dio Aresi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.