Aurten, ez zezenik, ez santurik. Aurten, erraldoien konpartsak iragarriko ditu Iruñeko bestak. Caravinagrek, hain zuzen ere. Kilikón Javier Erize iruindarraren margolanak eskuratu du herritarren artean boto gehien: 1.511. Orotara, 5.124 herritarrek parte hartu dute kartelaren aukeraketan, iaz halako bik ia. Irabazleak esan duenez, "ohorea" da nork bere hiriko bestak iragartzea. "Hemengo eta kanpoko bestarik garrantzitsuenak dira, horregatik aurkezten zara, nahiz eta oso zaila dela jakin", azaldu du eguerdian egindako prentsaurrekoan. Beldurra irudikatu nahi izan du Caravinagrerekin, eta kartela bukaturik zuela haurraren itzala sartu zuen. "Beldurraren kontrapuntua da. Haurrek batzuetan ez dute beldurra ikusten, eta burlaren bitartez haurrak beldurra uxatzen du".
Aurtengo finalista gehienak euskal herritarrak izan dira: zortzi afixetatik bost. Carlos Garciak Bartzelonatik bidalitako Mogollón afixa izan da bigarrena, eta atzetik geratu dira Fermin Goñiren La despedida de los gigantes, Xabier Iriarteren San Fermin Pamplona lovers, Beatriz Ramirezen 8 días de rojo y blanco, Javier Baldaren Urdin gorri, Javier Alvarezen Estallido & recompensa eta Eneko Las Herasen Hiria zabalik. Goñi, Iriarte eta Alvarez nafarrak dira, eta Balda, gipuzkoarra.
Laugarren aldia du kiliki ozpinduak sanferminetako karteletan. Duela hiru urte, Osaba Samen keinua egiten agertu zen, 1997an kilikiaren buruak iragarri zituen bestak, 1947an ere Caravinagre ageri zen afixan haur bat iletik tiraka zuela, eta 1984an ere kiliki famatuenaren burua agertu zen, nahiz eta kartel hartan San Fermin, zezenak eta konpartsako beste kide batzuk ere agertu.
Kartelen erakusketa
Urtero bezala, Rodezno Kondea aretoan epaimahaiak aukeratutako 96 afixa paratuko dituzte ikusgai. Ekainaren 19tik uztailaren 19ra egonen da irekirik erakusketa, eta sanferminetan ere sartzeko aukera eskainiko dute. Erakusketaren ordutegiak honako hauek izanen dira: asteartetik ostiralera, 18:30etik 21:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara, eta igande zein besta egunetan, 12:00etatik 14:00etara.