1970eko lehen sei edo zazpi urteetan izan nuen nik Carlos Garaikoetxearekin harremanik estuena. Garai hartan industriako lantegi zenbaitetan kudeatzaile izateaz gainera, politikagintza aurreko lehenengo urratsak eman zituen; Diputazioko Kontseilu Foral Administratiboa zelakoaren kide izendatu zuten eta Nafarroako Komertzio eta Industria Ganberako buruzagi aukeratua izan zen. Nik, neure aldetik oposizioak egin eta ganbera hartako aholkulari juridiko lanbidea lortu nuen.
Foru Diputazioak oraindik 1841eko Lege Paktzionatua zuen arautzat; eta bi edo hiru urtez Nafarroako Aurrekontuen azalpena emateko aukera izan zuen. Nafarroako Komertzio eta Industriako Ganberaren bitartez, berriz, Baionako ganbera kidearekin elkarlan ildo bat sortu genuen, han Joseba Agirre zegoela ere baliatuz…
Betiere, urte haietan ikastolak bultzatzen, helduen ikastegiak sortzen eta egituratzen eta abarretan bazegoen zereginik… Zeruko Argia soilik Argia izatera eta aldizkari taxua berritzera igaro zenean, kaputxinoek langileen esku utzi zuten, baina inor gutxik gogoratzen badu ere, urte pare batez Mina Estekiak ekoizpenen iragarkia atera zuen kontraportadan, enpresa hartako kudeatzaile Carlos Garaikoetxea zegoela aprobetxatuz.
Euskara ikastez bukatzea lortu zuten lehen belaunaldia hasi zen garai hartan euskalduntzen… Haien aurreko gizaldietakoak bizitza osoa pasatzen baitzuten gramatiken bitartez hizkuntza mintzatzen ezin ikasiz, nahiz eta hizkuntzari buruzko hainbeste eta hainbeste xehetasun jakin.
Uste —eta nahi— baino antz gehiago zeukan Carlos Garaikoetxeak izateko moduan Xabier Arzalluzekin. Biak ala biak zuhurtziaz beteak ziren eta asko baino gehiago kostatzen zitzaien erabakiak hartzea. Agian horrexegatik ez dute behar adinako idatzi multzorik utzi. Biei errazagoa egiten zitzaien elkarrizketatuak izatea, beren kabuz eta lumaz idaztea baino.
1976ko otsailean Garaikoetxeak EAJn sartzeko urratsa eman zuen; eta geroztikako bere historia ezagunagoa eta azken egun hauetan errepikatuagoa da. Egiazki, Iribas-Larraungoa zuen aita eta Soraurengoa ama; beraz, aita euskaraz zekiena, eta ama, berriz, Iruñerriko euskalkia galdu zuen lehen gizaldikoa zituen; hau da, euskarak Nafarroan nozitu izan duen eta nozitzen duen zauri irekiaren lekuko eta adibide bat gehiago. Euskararen atzerakada hori Karlos Garaikoetxeak beti gogoan edukitako zerbait zen.
Erreformako gorabeherek ekarritako emaitzak gazi-gozoak dira. Alde batetik, lortu eta eraikitako erakunde egiturengatik laudorio ugari jaso ditu lehendakari zaharrak, baina agerikoak diren gabeziek ere kritikak eta autokritikak behar dituzte.
Halere, ordea, bakearen lorpena izan da zalantzarik gabe Euskal Herriak emandako aurrera urratsik esanguratsuena. Euskal Bakea erabaki politiko batzuen ondorioz eskuratu zen; ez inolako lorpen edo prezio politikoren truke. Guzti horiek bat datoz Garaikoetxeak bere bizitzako azken denboretan hartutako jarrerekin eta bere biografian emandako mezuekin.