UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK

Carlos Vilches: "Demografia UPNren kontra doa"

Hauteskundeei buruzko mahai ingurua egin dute Eguzki Urteaga, Ainhoa Larrañaga eta Carlos Vilches irakasleek, Gurutze Izagirre BERRIAko kazetariak zuzenduta. Bilbon eta Bizkaian izan ezik, ez dute garaile argirik antzematen hiriburu eta herrialdeetan. Bideoa: mahai ingurua, osorik (Lara Madinabeitia / Berria TB). [Youtube]https://youtu.be/zEzPyzJ8L0o[/Youtube]

jon olano
2015eko maiatzaren 21a
08:39
Entzun

Igandeko udal eta foru hauteskundeei begira, BERRIAk mahai inguru bat antolatu du. Hauteskunde kanpaina, igandean izan daitezkeen emaitzak eta ondorengo balizko akordioak izan dituzte hizpide. Hiru hizlari aritu dira solasean: Eguzki Urteaga Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia irakaslea, Ainhoa Larrañaga Mondragon Unibertsitateko Ikus-Entzunezko Komunikazioko irakaslea eta Carlos Vilches Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia irakaslea. Gurutze Izagirre BERRIAko kazetaria aritu da moderatzaile lanetan.

Herrialdeka aztertu dituzte igandeko bozak, baina Nafarroan sakondu dute batez ere. Tentuz jokatu du Vilchesek, iraganeko esperientziak gogoan: "Coitus interruptus bat dago. Aldaketa dator beti... baina gero frustrazioa". UPNk oinarri zabal bat izan arren, hori aldatzen ari dela uste du:  "Demografia UPNren kontra doa".

Urteagaren iritziz, gobernu aldaketa lehenetsi dute oposizioko indarrek, baina bestelako kontua da gobernua osatzea: "Gauza bat da UPN kentzea; beste bat, zertarako nahi den alternantzia". Geroa Bai eta Ahal Dugu-ren artean "harrapatuta" antzematen du koalizio subiranista, adostasunaren mesedetan soslai propioa "lausotuta".

Gipuzkoari dagokionez, Larrañagak uste du EH Bilduk ez duela izan "espero zen ausardia", eta hainbat gaitan "zailtasunak" nabaritu ditu EAJ eta koalizio subiranista bereizteko. Hala ere, aitortu du "politika egiteko beste modu bat" egin duela EH Bilduk, eta uste du hondakinen inguruko  eztabaida "aspaldi" itxi zela.

Gasteizen, berriz, Javier Maroto alkateak immigranteekiko hartutako jokabidea izan dute eztabaidagai. Vilches: "Ez dakit zein errentagarritasun izango duen etorkinen kontrako aferak". Larrañagaren arabera, ordea, Marotok lortu egin du "bertakoen eta kanpokoen" arteko dikotomia sortzea. Bat dator Urteaga; haren esanetan, Marotok kanpaina "pertsonalista" egin du, PPren ikurra ezkutatuz eztabaida bere figuraren ingurura eramanez.

Bizkaian eta Bilbon ez dute lehiarik ikusten, Urteagaren esanetan, EAJren "feudo" diren neurrian. Oro har, beraz, jokaleku irekiak iragarri dituzte iganderako, eta parte hartze maila "jokoan dagoenaren" araberakoa izatea espero du Urteagak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.