Castejonen Iberdrolak duen zentral termikoan ziklo konbinatuko azpiegitura berria eraikitzeko proiektua onartu du Nafarroako Gobernuak. Electrica de la Ribera SA enpresak eraikiko duen ziklo konbinatuko zentralak 400 megawatteko potentzia elektrikoa ekoitziko duela azaldu du Nafarroako Gobernuak. Energia elektrikoa sortzeko gasa ez ezik, gasolioa ere erabiliko dute bertan,«larrialdietarako erregai gisara». Ekologistak Martxan taldeak zentral termikoa handitzearen kontrako jarrera agertu du sarri askotan, eta orain berriro ere ingurumenean eragingo dituen kalteez ohartarazi du.
Prozesu luze bat biribildu nahi izan du Nafarroako Gobernuak atzo emandako onespenarekin. 2000. urtean onartu zuen Nafarroako Gobernuak zentral termiko hori eraikitzeko proiektua. 2002. urtean Electrica de la Ribera SA enpresak, zentralaren jabeak, beste zentral bat, bigarrena, eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen. Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Ekonomia Ministerioak baimena eman zioten. Berehala hasi ziren eragozpenak, ordea; Nafarroako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen bigarren zentrala egiteko proiektua. Izan ere, proiektua onartu zenean Nafarroako jarduera gogaikarri, kaltegarri, osasungaitz eta arriskutsuen araudia indarrean zegoen, eta, auzitegiaren arabera, proiektuak ez zuen legea betetzen.
Berehala bideratu zuen gobernuak, ordea, eragozpen hori saihesteko modua. 2005ean aipatu araudia bertan behera utzi zuen, eta Elerebro enpresak bigarren azpiegitura martxan jartzeko proiektua aurkeztu zuen.
Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, proiektuak ingurumen eraginaren gaineko txosten onuragarria du. Proiektua jende aurrean aurkeztu dela, eta ez dela alegaziorik jarri gaineratu du. Ekologistek, ostera, gezurtatu egin dute hori. «Hasieratik Ekologistan Martxan taldeak zentral termikoen aurka salaketa ugari jarri ditu. Nafarroako Gobernuak, ostera, eraiki nahi duen edozeren aurka alegazioak jartzen badira ere, kasurik ez du egiten, eta gero esaten du ez direla jarri», salatu du Rafael Sanchez Ekologista Martxan taldeko ordezkariak.
Castejonen egun martxan dauden zentral termikoek sortzen dituzten ingurumen arazoak nabariak direla esan du Sanchezek. «Ingurumen indizeak gainditzen dituzte kasu askotan: airea kutsatuta dago, are gehiago eguzkiak jotzen duenean, landaretza eta animalien babeserako OP40 gaindituta dago...». Zentral termikoak herriguneetatik gertuegi daudela salatu dute sarri askotan Ekologistak Martxan taldeko kideek. Erriberako herritarrek datu horien guztien berri talde ekologistari esker izan zituztela adierazi dute, gainera.
Nafarroako Gobernuak herritarren ongizatearen alde egin beharrean ekimen pribatua goraipatzen duela uste du Sanchezek. «Legeak aldatzen ditu, enpresa pribatu batek nahi duena egin ahal izateko», azaldu du. Gainera, enpresek energia berriztagarrietan inbertitu behar dutena zentral termikoetan gastatzen dutela salatu du. «Zentral termikoak handitzen dituzte etorkizuneko plangintzarik gabe. Erregaia kanpotik ekartzen dute, eta ez dakite noiz arte izango diren».
Ziklo konbinatuko zentral termikoa handitzearen atzean interes politikoak eta ekonomikoak ikusten ditu Sanchezek: «Horregatik ez dira kontuan hartzen gure nahi eta salaketak».
Castejongo zentraletako bat handitzea onartu dute
Iberdrolaren zentral termikoaren haztea gaitzetsi eta ingurumen kalteez ohartarazi dute ekologistek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu