Catalan eta Barcina, banatzeko bidean

Duela bi aste egindako akordioa haustea egotzi dio Barcinari Catalanek, eta UPNko presidentzarako hautagaitza aurkeztu duMartxoaren 17ko kongresua erabakigarria izango da, gobernu krisia eragin dezakeelako

joxerra senar
Iruñea
2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Banatzeko bidean da UPN. Alderdi barruko boterea elkarren artean banatzeko ituna ezerezean geratu da. Bi aste baino ez du iraun Yolanda Barcinaren eta Alberto Catalanen arteko akordio horrek.Martxoaren 17ko kongresuari begira, Catalanek UPNko presidente izateko hautagaitza aurkeztea erabaki du. Alderdiko hainbat militanteri bidalitako oharrean eman du erabakiaren berri. Adierazpen horretan, izena aipatu gabe, Barcina jo du hausturaren erantzule. Haren ustez, UPNko egungo presidentearen «adostasun faltak eta arrazoitu gabeko atzerapenak» eragotzi dute akordioa.

Militanteen aurrean bere erantzukizuna saihestu du Catalanek. «Makina bat aldiz alderdiaren barne batasuna defenditu dut, eta eskuzabal jokatu dut. Ezagutzen nauzuenok badakizue erantzukizunez jokatzen dudala. Adostasuna eta elkar ulertzea lortu nahi izan dut azken unera arte». Haren esanetan, arrazoi horrek eraman zuen urtarrilaren 25ean Barcinarekin akordioa lotzera: Catalanek hautagaitza ez aurkeztearen truke, Barcinak onartu egin zuen zuzendaritzan presidenteorde karguak funtzio gehiago izatea eta Amelia Salanueva senataria, Catalanen konfiantzazko pertsona, idazkari nagusi izatea.

Baina berehala lehertu zen ekaitz politikoa. Urtarrilaren 26an, elkarrizketa batean, Catalanek adierazi zuen erantzukizunez jokatzen zuela baina hautagaitza aurkezteko erabat prest zegoela. Adierazpen haiek ez zituen batere gustuko izan Barcinak, eta urtarrilaren 28ko UPNren zuzendaritza bileran bere autoritatea zalantzan jartzea egotzi zion Catalani. Informazio hura publiko egin zen, eta batak zein besteak adierazpen publikoetan egoera onbideratu izanaren irudia zabaldu zuten. Su-etenak gutxi iraun zuen. Barcinak Diario de Navarra-n iragarri zuen ez duela konfiantzarik Catalanengan.

Catalanen azalpenak

Testuinguru horretan heldu da Catalanen erabakia. Agirian gogorazi duenez, duela bi asteko akordioa estatutuen txostenari egindako zuzenketen bidez gauzatu beharra zegoen: «Adostasun faltak eta arrazoitu gabeko atzerapenak galarazi dute akordioa gauzatzea, eta ez da niregatik izan», argudiatu du. Gainera, bi asteotan komunikabideei alderdi barruko auziez egin zaizkien «filtrazio interesatuak» gaitzetsi ditu, baita «gizartearen eta afiliatuen aurrean eskaini den ikuskizun tamalgarria ere».

Catalanek ez die UPNko afiliatu guztiei jakinarazi berria. «Nahiko nukeen nire erabakia afiliatu guztiekin partekatu, baina ez da posible izan». Bere zerrendan dituen afiliatuen helbide elektronikoetara eta telefono zenbakietara igorri du mezua. Telefono bidez, laburragoa izan da: «Arduraz eta pasioz nire hautagaitza aurkeztea erabaki dut...».

Barcinaren erreakzioa

Navarra TVri lehen balorazioa egin dio Barcinak. Haren esanetan, «Catalanek azaldu behar du zergatik ez duen bete akordioa». Gaineratu du UPN «alderdi demokratikoa» dela eta kongresutik sendoago aterako dela.

Alabaina, Catalanen hordagoak zatiketa ekar dezake alderdira. Barcinak argi utzi du hasieratik bizefalia gaitzesten duela eta ez duela ontzat jotzen, EAJren modura, alderdiko presidentea eta gobernuburua bi pertsona izatea. Kongresuan Catalanek irabaziz gero, edo Barcinak alde txikiarekin irabaziz gero, haren zilegitasuna kolokan gera liteke. Gutxiengoan den gobernu batentzat behin betiko kolpea izan liteke alderdiko sektore batek auzitan jartzea Barcina. Hain zuzen ere, hori da haren kartarik onena. Onartuko al dute militante kritikoek erronka?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.