Nafarroako Gobernuak ahal duena egin du Wolkswagenen auzia konpondu ahal izateko, eta bere esku-hartzeagatik ez balitz egoera okerragoa izango zela esan du Alberto Catalan UPNko idazkari nagusiak. Erru osoa enpresa arduradunena eta langileena da haren ustez, eta horren ondorioak Nafarroa osoak pairatuko dituela esan du. Hala ere, UGT-k dioena ez dela erreala uste du Catalanek, hau da, Nafarroako industriaren gainbeherarik ez dago. Wolkswagenen kasua kenduta, Nafarroako industriak goruntz egin du azken urteotan, eta langabezi tasa txikiek hori erakusten dutela dio.
=B”Zapaterok harekin ados daudenekin soilik hitz egiten du”B=
ETA-ren su-etenaren ondorioz sortu den egoera berriaren harira, Nafarroak hartutako “jarrera gogorra” Espainiako Gobernuak ematen dituen erantzun anbiguoen ondorioa dela esan du Alberto Catalanek. “Zapaterok erantzun dezala erreferendum bat egitea egoki ikusten duen, PSNren eta euskal nazionalisten arteko gobernu bat babestuko duen, hauteskundeen ondoren EAEren eta Nafarroaren arteko organo iraunkor bat bultzatuko duen”. Horiek denak erantzuteko ez da beharrezkoa Catalanen ustez, Miguel Sanz presidenteak Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin bilera egitea Catalanentzat. Nahikoa da horiek publikoki erantzutea. Hala ere, Zapaterok Sanzekin iragarritako bileraren arrastorik ez dutela esan du. “Zapaterok harekin ados daudenekin soilik hitz egiten du”.