Zapi gorriz bete dira Parisko Krimen Auzitegiko Voltaire salako parte zibilen bankuak: Federico Martin Arambururen dozenaka lagun etorri dira Euskal Herritik, Argentinatik eta beste hainbat lekutatik errugbi jokalari ohi haren familiari sostengua adieraztera. Haren hilketagatik egiten ari dira auzia iragan astetik, eta egunero-egunero hor egon dira lagunak. Baina gaur, are inportanteagoa izan zaie hor egotea, eta are gehiago etorri dira, parte zibilek deklaratu baitute epaimahaiaren aitzinean. Cecilia Aramburu haren ama mintzatu zaio gorteari goizean: «Etxetik armaturik atera ziren pertsona batzuekin egin zuen topo Federicok: gorrotoz armatuak, suzko armaz armatuak, eta, agian, inpuntitate sentimenduz armatuak ere bai».
Lekukotasun hunkigarria egin du, eta akusatuen nortasunari egin die erreferentzia, behin eta berriz. «Gau hartan, beren burua besteen gainetik ikusten duten pertsona batzuekin egin zuen topo Fedek, gutiesten dituztenak gorrotatzen eta mespretxatzen dituzten pertsona batzuekin», kontatu du. Esplikatu du bere semea Argentinan hazi zela, ingurune «plural» eta «ireki» batean. «Guk badakigu zer den eskuin muturra, baina ez genuen GUD ezagutzen. Jakin genuenean bi pertsona horiek ez zutela elkarrekin egoteko eskubiderik, armatuak izateko eskubiderik, eta indarkeriagatik hainbat aldiz kondenatuak izan zirela, gure pena bikoiztu zen: seme baten heriotzaren min erranezinari beste min bat gehitu zitzaion. Agian, krimen hau eragotz zitekeen». Lekukotasuna eman duenean beren zangoei so egon dira bai Loik le Priol, bai Romain Bouvier: bi akusatu nagusiak dira, lehena erailketagatik epaitua, eta bigarrena erailketa saiakeragatik. Oroitarazi du armaturik atera zirela gau hartan: «Armaturik ateratzen zirenean, ez ziren gordetzen; oso lasai ateratzen ziren armaturik», deitoratu du.
Epaimahaiburuak galdetu dio zer espero duen auzitik. «Uste dut gizatasuna ezagutzen ez duten kriminalak direla. Haien gizarteratzea ezin da gertatu gizartea zer den ulertzen duten arte. Beste nehoren bizia arriskuan ezartzen ez duen giro batean egon behar dute. Baina ez dute merezi bizitza zer den ulertu gabe egotea; gizatasuna zer den ulertu izanaren esperientzia merezi dute. Gizaki jaio ziren, ez animalia».
Lagun «ezin hobea»
Parte zibilendako, orain arteko egun gogorrena izan da, haren amak ez ezik Arambururen lagun, lankide eta irakasle izandakoek ere deklaratu baitute. Momentu bereziki hunkigarriak izan dira, eta negar egin dute anitzek. Arambururen argazkiak zabaldu dituzte gero —Le Priolek ez die so egin; Bouvierrek, berriz, bai—. Lekuko guziek bat egin dute errateko Aramburu «alaia, zoriontsua eta jostakina» zela. Errubgi jokalari «fina, abila eta argia» zela ere erran dute.
Errugbilari profesionala zen Aramburu: Biarritze Olympique taldean aritu zen 2004tik 2006ra, eta Akizeko eta Perpinyako taldeetan ere aritu zen gero. Argentinako selekzioko jokalari izan zen 22 aldiz. Thomas Lievremont izan zuen entrenatzaile Miarritzen, eta honela gogoratu du Aramburu: «Muskulazio sesioak saihesten zituen, baina jokalari bikaina zen. Azpimarratu behar da, bestalde, kirolari profesional ibilbideaz gain, ikasketak ere egiten zituela, enpresa kudeaketan; horretan ere pixka bat lagundu nuen», erran du. Horrek «hurbildu» zituen, eta geroztik lagun minak zirela esplikatu du. «Haren hilketatiz gero, deus ere ez da berdin. Eta ez duzue imajinatzen zer zaila den haren haurrak aitarik gabe hazten ikustea. Utzi duen hutsunea ezin da bete». Errugbi jokalari bezala, bestalde, «sekula ere» ez zela «bortitza» erran dute. Argentinako Errugbi Federazioak, erraterako, gutun bat helarazi dio gorteari, eta bertan esplikatzen dute Aramburu ez zela sekula txartel gorri batekin zigortua izan. Gonzalo Quesada entrenatzaileak ere ildo beretik hitz egin du: «Ez dakit ohikoa den auzitegi honetara biktimaren hainbeste lagun etortzea. Lagun ezin hobea zen».
Sophie Herrera Baionako Unibertsitateko irakasleak erran du ikasle «arras seriosa» izan zela Aramburu. Miarritze Olympique taldean zenean, izan ere, Shaun Hegartyrekin batean egin zituen ikasketak, enpresagintzan eta kirol egituren kudeaketan. Herrerak ongi ezagutu zituen bi jokalariak, eta erran du kirola eta ikasketak uztartzea izugarri garrantzitsua zitzaiola Arambururi.
Shaun Hegartyren andreak lekukotasun hunkigarria eman du. Kontatu du 2022ko martxoaren 19an nola jaso zuen berri latza. Senarrak deitu zuen: «Federico hil dute. Borroka baten ostera gure gibeletik etorri dira, eta tiro egin diote». Hitz horiek ulertzea gaitza egin zitzaion, eta, gainera, hark erran behar izan zion Martin Arambururen emazteari. Oroitzapen latzak direla kontatu du. Argi utzi du «dramaz gero» Hegarty ez dela «pertsona bera». Hilketa «mugarri bat» izan zela argi utzi du, eta haren izaera aldatu dela. Laurent Etxebarne Miarritzeko taldeko kinesiterapeuta izandakoak, bertzalde, kontatu du nola Hegarty ikustera joan zen hilketa gertatu eta berehala: «Eskutik joana zen; izugarriko shock egoeran zen».
Bouvierren lekukoak
Iragan astean entzutekoak zituzten, baina osteguneko saioa anitz luzatu zen, eta epaimahaiak, azkenean, gaur entzun ditu Bouvierren ama eta bikotekidea, moralitate lekuko gisa. Abokatu ezaguna da Bouvierren ama, eta erran du ez zuela uste sekula «dagoen lekutik» hitz egin beharko zuenik. Esplikatu du Bouvier seme «eredugarria» zela, baina haren aita biologikoaren hutsuneaz «sufritu» zuela. Fiskalak nahiko galdera zorrotzak egin dizkio, ironiaz, eta Bouvierren abokatuak asaldatu zaizkio. Berinaren gibeletik, Bouvierren nardatua ageri zuen. Fiskalak galdetu dio ea bazekien bere semea GUDeko kide izan zela. «Assasko fakultatean ikasi nuen nik ere; nor ez da GUDeko kideekin ibili? Eta, gainera, semeak erran dit sei hilabetez besterik ez zela egon haien inguruan». Gehitu du ez zekiela bere semak «hainbeste arma» zuenik etxean: «Autoak ez zituen maite; beharbada hori zen haren plazera». Bere semeak etxean Mein Kampf zuela oroitarazi dio gero fiskalak, eta amak zera erantzun: «Ez zen alemanez mintzo. Eta Maoren obrak eta Korana ere bazituen...».
Haren neska lagunak erran du Bouvierrek ez zizkiola «sekula» aipatu bere ideia politikoak, eta zin egin du gizon oso «irekia» zela.