Farmazian sartu eta infusioei buruz galdetu du. «Cóooooomo?!?!?!». Euskaraz segitu du gizonak, mantsoago, emakumeak agian ondo ulertu ez duelakoan. Berriro: «Cóooooomo?!?!?!». Oihuka eta lotsagabe andrea, begiak txitxilduta, zur eta lur, aurrean beste planeta batetik eroritako alien bat balu bezala. Non dago bezeroa? Oslon? Liman? Nairobin? Euskal Herrian da, UEMAn dagoen herri batean. Zer hizkuntzaz mintzatu zaio emakumeari? Suomieraz? Punjaberaz? Okinawako dialektoaz? Euskaraz.
Nork jokatu du zakar, bezeroak ala botikariak? EHUko errektore ohi Manu Monteroren iritziz, seguruena, euskaldunak. «Euskara hizkuntza antipatiko egiteak ez du laguntzen hura sustatzen», esan du Monterok El Correo-n asteon. Euskara antipatiko bihurtu dugu, antza. Espainiera, aldiz, sinpatikoa da. Beti. Galde diezaiela Monterok euskaraz egiteagatik barre egiten zieten haurrei eta haien ondorengoei. Ea zer dioten, amnesiarik ez badute.
Izan ere, Iñaki Gabilondok ederra bota zuen joan den hilean La gran aventura de la lengua española telebista programan: «Espainierak inoiz ez zituen Penintsulako edo Ameriketako hizkuntzak mehatxatu». Espainierak ez, baina espainiera beste mintzairak ezabatzeko erabili zutenek, bai. Sare sozialetan haren izeba bati aspaldi egindako elkarrizketa hedatu zuten erantzun moduan. Andreak hainbeste euskaldunek jasandakoa aipatu zuen: eskolan euskaraz egiten zuten umeei eraztuna jarri eta zigortzeko metodoa. Euskara hain antipatiko zitzaien irakasle atseginei...
Euskara antipatikoa da. Espainiera, sinpatikoa, guztiek jakin beharrekoa. Nazionalista linguistikoak. Azken egunotako hiru adibide: ELAk euskara inposatu egin nahi duela adierazi du Eneko Anduezak. Kopeta behar da gero! Pello Igeregik «jarrera supremazista» egotzi dio. Halaxe da. Supremazistak dira. Eta supremazista jokatzen dute. Hemen, hor eta han. Europa ekialdeko hiri txiki bati buruzko iruzkina Tripadvisor-en: «Hotel ona, baina inork ez zekien espainieraz». Itsaso Beltzeko ostatu batean lan egiteko espainolezko C2 titulua izatea ezinbestekoa izatea gustatuko litzaieke, baina Donostiako hotel batean euskarazko B2a eskatuz gero, CCOOra joko lukete.
Azken adibidea: Ingalaterra-Norvegia partida amaitu da. Madrilgo egunkari bateko kazetariak Larsen aukeratu du elkarrizketatzeko. «Espainieraz dakiten norvegiar bakarretakoa da» —Celta taldean jokatu du aurrelariak—. Zer espero zuen? Norvegiarrek gaztelaniaz egitea? Guztiek dakite ingelesez. Bera da ezjakina. Hala ere, badirudi espainiera ikasi behar dutela espainiarrei plazer egiteko. Zergatik? El Capitan Trueno-k Sigrid-ekin larrutan egiten omen zuelako? Cóooooomo?!?!?!
«Castilla miserable, ayer dominadora, envuelta en sus andrajos desprecia cuanto ignora», idatzi zuen Antonio Machadok. Bazekien zertaz ari zen. Karmelo Landak Genozidioa hezkuntza sistema frankistan hitzaldia eskaini zuen Gernikan, apirilaren 25ean. Haren testigantza baliagarria da, oso, garai haietako zapalkuntzaren berri izateko. Ea jaioterrian bazuten Gaztelatik etorritako maisu bat, euskaraz egiteagatik barre egiten ziena. Idazlanen amaieran Viva Franco, Arriba España ipinarazi egiten zien. Behin, ikasleek Fuera Franco, Gora Euskadi jarri zuten testuan. Irakasleak Guardia Zibilaren kuartelera bidali zituen 8-9 urteko umeak.
Gizonak gerran ibilia zela kontatzen zien haurrei. Gudariak hiltzen! Besoak luzatu eta fusilaz tiro egiteko keinua egiten zuen. Pum!!! Landak azaldu zuenez, ikasleen hizkuntza mespretxatzen zuen maisuak: «Ordu erdiko errekreoa izaten genuen hamaiketan, eskola ondoko frontoian, eta handik ikasgelara itzuli behar ginenean, don Josek, ikasgelako balkoitik 'Eskolarimelé ! Timoteolará!' (sic) garrasi egiten zigun egunero, guk erabili ohi genuen euskararen burlazko parodia eginez». Halakoxea zen Jose Montero. Euskara antipatikotzat jotzen zuen. Espainiera modu sinpatikoan ikasi ote zuten galdetu die inoiz Eako ume haiei haren semeak?