Larunbatean hil zen Cosme Delclaux abokatua, 64 urte zituela. ETAk 1996an bahitu zuen, eta 232 egunez atxikita eduki zuen. Erakunde armatuak egindako bahiketa luzeenetako bat izan zen. Industria arloan ospe handia zuen Neguriko (Getxo, Bizkaia) familia batekoa zen Delclaux.
1996ko azaroaren 11n bahitu zuen ETAk, Zamudioko Parke Teknologikoan, lanetik irteten ari zela, eta 1997ko uztailaren 1ean utzi zuen aske, Elorrioko baso batean.
Delclauxen bahiketa eta Jose Antonio Ortega Lara espetxeetako funtzionarioarena aldi berean gertatu ziren. Bi kasuek mobilizazio sozial handiak eragin zituzten. Garai hartan, ikusgarritasun handia hartu zuen xingola urdinen erabilerak —aurretik ere erabiltzen zena—, bahituen askatasuna eskatzeko eta haiei eta haien gertukoei elkartasuna adierazteko.
ETAk Delclaux aske utzi eta sei ordu eskasera, Guardia Zibilak Ortega Lara bahituta zegoen zuloa aurkitu zuen Arrasaten (Gipuzkoa).
Urte batzuk geroago, Alvaro Delclaux aitak aitortu zuen bere semeetako baten bidez erreskatea ordaindu zuela. Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako deklarazio batean esan zuen mila milioi pezeta inguru ordaindu zizkiola ETAri (sei milioi euro).