Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Cadena Ser irratian atzo jakinarazi zuenez, bere gobernuak «asteak» daramatza COVID-19aren bilakaerari aurre egiteko plan bat lantzen. Horren arabera, koronabirusa «gaixotasun endemiko» gisa tratatuko da hau da, leku batean egonkortzen den gaixotasun bat, eta kontrolpean eduki daitekeena hainbat estrategiaren bidez, eta ez pandemia gisa.
El País egunkariak atzo jakinarazi zuenez, plan horren bidez Sanchezen gobernuak koronabirusa «arnas gaixotasun gisa» behatu nahi du, kasuen zenbaketa zehatza alde batera utzita. Horren ordez, gaixotasuna nola hedatzen den aztertzea da asmoa, osasun arloko profesionalek jasotako «lagin esanguratsuak» ikertuz. Zaintza sistema izango da, beraz, aldatuko dena, eta ez gaixotasunaren tratamendua.
Sanchezek irratian azaldu zuen COVID-19aren hilgarritasuna «nabarmen» murriztu dela: %13koa izatetik %1ekoa izatera. Horregatik uste du baldintzak daudela gaixotasunaren bilakaera «parametro desberdinekin ebaluatzeko». Gaineratu zuenez, Espainiak «oso modu positiboan» erantzun dio eritasunaren aurkako txertaketari, eta, horregatik, «tresna berriekin» erantzun behar zaio egungo egoerari; hala nola maskararen bidezko «autobabesarekin» eta erakundeen arteko lankidetzarekin.
El País-en arabera, oraindik ez dago plan berria abian jartzeko datarik, baina ez da aurreikusten «seigarren olatu hau amaitu baino lehen» abiatzea.
Testen prezioen aldaketa
Sanchezek Cadena Ser kateanazaldu zuenez, Espainiako Gobernuak antigeno testen prezioa kontrolatzeko eta erregulatzeko esku hartuko du, eta Pfizerri 344.000 antibiral dosi erosteko asmoa du, antibiral horiek «gaixo kalteberen ospitaleratzeko aukera % 88 murrizten» dutelako.
Horrez gain, Sanchezek jakinarazi zuen Presidenteen Konferentzia telematiko batera deituko duela urtarrilean, seigarren olatuaren egoerari buruz hitz egiteko. Azaldu zuenez, lehenengo telematikoki bilduko dira eta, ondoren, otsailean, aurrez aurreko konferentzia bat egingo dute La Palma uhartean (Kanariak), aurreikusita zegoen bezala.
Koronabirusa
COVID-19a «gaixotasun endemiko» gisa tratatzeko asmoa du Sanchezek
Espainiako Gobernua plan bat lantzen ari da koronabirusa pandemia gisa tratatzeari uzteko. Oraindik ez dakite noiz jarriko duten martxan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu