«COVID tasa» bat ezartzea proposatu du EH Bilduk

Indar subiranistak larrialdi plan bat aurkezteko, «euskal gizarteak gaur egun dituen premia larrienei erantzuteko».

Maddalen Iriarte, gaurko agerraldian. EH BILDU
jon olano
2020ko maiatzaren 13a
12:51
Entzun

Koronabirusaren izurriak eragindako osasun krisiari eta «psikosozialari» aurre egiteko, larrialdi plan bat aurkeztu du EH Bilduk. «Bi aldeko begirada» du planak, Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak azaldu duenez: «Premiaz erantzun behar diren kontuei erantzutea eta epe labur, ertain eta luzekoak prestatzea». «Altxatu behar dugu, ibiltzen hasi behar dugu premia guztiei erantzuteko eta herritarren bizi baldintzak, lanekoak eta baldintza sozialak hobetzeko», erantsi duenez.

Plan horri buruzko xehetasunak eman ditu Iriartek agerraldi batean. Besteak beste, krisiari «orain» erantzuteko beharra nabarmendu du: «Denboraren faktorea funtsezkoa da, orain hartzen ez ditugun erabakiek oso ondorio lazgarriak eduki ditzaketelako».

Iriartek «aurrekaririk gabeko» krisitzat jo du egungoa, eta, beraz, uste du inbertsioak ere aurrekaririk gabekoa izan behar duela: «Honek gastua asko handitzea dakar, baina guk gastu hori inbertsio gisa ikusten dugu. Erantzunkidetasuna egon behar da, herri ikuspegi bat garrantzitsua da, bakoitzak bere ahalmenen arabera eman behar du erantzuna».

Gastu horri aurre egiteko, «COVID tasa bat» ezartzea proposatu du indar subiranistak, «enpresen etekinen eta ondare handien gaineko helburu finalista batekin». Berehalako premiei erantzuteko litzateke, eta premiazko egoera amaitzean amaituko litzateke tasa hori. Iriartek esan du ez dela planteamendu itxi bat, beste eragile batzuekin eztabaidatu nahiko luketela nola gauzatu tasa hori, baina aipatu du 2020an 2019an baino mozkin handiagoak dituzten enpresek %1-3 arteko «ekarpena» egitea. Edonola, «fiskalitatea eraldatzeko premiari ere atea zabaldu nahiko lioke», Iriarteren esanetan.

Enplegu plan baten beharra ere mahai gainean jarri du Iriartek, «enplegua prekarizatua izan ez dadin, soldata arrakala handitu ez dadin. Gazteen enpleguaren egoerari begiratu behar dugu: gazteek bizi proiektu bat egin ahal izan behar dute». Gainera, Eusko Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuak «berrantolatzea» proposatu du: «Ezin dugu amortizatutzat eman; premia berriei erantzun behar die aurrekontu horrek».

«Eztabaidarako dokumentu bat»

Iriartek azaldu du larrialdi plan hori «lan dokumentu bat» dela, «eztabaidarako eta elkarrizketarako» proposatu dutena: «Herri honetako gainerako indar politikoekin, eragile sozialekin eta gizarte zibilarekin adostu nahiko genukeen plan bat da. Uste dugu krisi honetatik ateratzeko beharrezkoa dela euskal estrategia bat marraztea, eta, alde horretatik, aditu behar ditugula egunotan etengabe sortzen ari diren proposamenak».

«Elkarkidetasuna» izango da EH Bilduren «printzipio gidaria», eta gauza bera egiteko eskatu die gainerako eragile guztiei, «irtenbide komun bat» emateko: «Galdera da nork ordainduko duen krisi honen faktura; krisi honetatik ateratzen dugun irakaskuntza baldin bada langileen baldintzak okertzen, zerbitzu publikoak murrizten eta ekonomia kanpora ateratzen jarraitu behar dugula, gero eta ahulagoak izango gara hurrengo krisi batean, gure sarea ahulagoa izango da. Aste erabakigarriak ditugu horretarako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.