La Cumbre memoria gune bihurtzeko lehen proposamena aurkeztu dio Donostiako Udalak Madrili

Dokumentuan 'Lasa eta Zabala auzia' oroitzeko espazio bat sortzea proposatu dute. Eragile memorialistek uste dute aurrera egiteko lehen urrats bat dela.

La Cumbre, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
La Cumbre, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko abuztuaren 15a
15:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako La Cumbre jauregiaren etorkizuna argitzeko lanean ari dira Donostiako Udala eta Eusko Jaurlaritza, eta, EITBk argitaratu duenez, udalak jada igorri dio eraikin hori memoria demokratikorako gune bihurtzeko prestatzen ari den proposamenaren zirriborroa Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzari. Hartan, besteak beste, Lasa eta Zabala auzia gogoratzeko espazio bat sortzea proposatu dute. Joxean Lasa eta Joxi Zabala 1983ko urriaren 16an bahitu zituzten Baionan, eta La Cumbren torturatu zituzten, Busotera (Herrialde Katalanak) eraman, hil eta lurperatu aurretik.

Proposamenaren arabera, eraikin horretan ezarri nahi duten erakusketaren ardatzetako bat izango da Lasa eta Zabala kasuari dagokiona, auzi hark duen «balio sinboliko bereziagatik» eta «espazioaren helburuak islatzeko duen potentzialtasunagatik». Izan ere, Lasa eta Zabala GALen lehen biktimak izan ziren, eta haien kasuak sona berezia izan du estatuak euskal gatazkaren testuinguruan erabilitako gerra zikinari dagokionez. Hain zuzen, auzi haren garrantziagatik adostu zen La Cumbre memoria gune bilakatzea.

Proposamenaren arabera, Lasa eta Zabala auzia erdigunean kokatzeak bide emango luke zenbait giza eskubideren urraketari ikusgarritasuna emateko: desagertze behartuak, indarkeria parapoliziala, gerra zikina, polizia errepresioa, torturak... Horiek «testuingurua» zehazteko beste zenbait elementurekin batera agertuko lirateke erakusketan, eta Diario Vasco egunkariaren arabera, hor ETAren indarkeria ere sartuko litzateke. Egunkari berak zehaztu du eraikina Gogora Institutuaren Gipuzkoako egoitza bilakatzearen alde ere egin dutela.

Testuaren arabera, espazioak «askatasuna, demokrazia eta justizia soziala» indartzeko eremu izan behar du, baita «pedagogia soziala» eta giza eskubideen urraketen inguruko «hausnarketa kritiko eta etikoa» egiteko xedea ere.

Testuaren oinarria Donostia Udalak eta aurreko Eusko Jaurlaritzak ondua da. Hau da, Justizia eta Giza Eskubideen Saila EAJren eskuetatik PSE-EErenetara igaro aurretik egindakoa. Halere, sail berriko arduradunek ere ikusi dute Fernando Martinez Memoria Demokratikorako estatu idazkariari bidalitako lehen zirriborro hori. Baita Donostiako Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin jauregiaren etorkizunaren inguruan aritzeko bildu diren zenbait eragile memorialistak ere. BERRIAk jakin duenez, horiek aurrera egiteko moduko proposamentzat jo dute, haren garapenak har dezakeen bidearen esperoan. Izan ere, lehen zirriborro bat izanik, ikusteko dago proiektuak zer bide har dezakeen lanketa prozesuan.

Aurrez, eragile horiek adierazi izan dute La Cumbre eta inguruko lorategia, 17.000 metro karratu ingurukoa, jarduerak egiteko baliatzeko asmoa, eta ezinbestekotzat jo dute gunearen etorkizuna adosteko prozesuan biktimek ere parte hartzea bermatzea. Era berean, 1983tik aurrerako auziak ere han jorratzearen alde egin dute, EAEko legedia kontuan hartuta. Izan ere, Espainiako Memoria Demokratikora Legeak 1983ra arteko urraketak hartzen ditu kontuan, gerra zikina lantzeari bide emanaz.

Ia bi urteren ondoren

Egun, La Cumbre Espainiako Gobernuarena da, baina Espainiako Memoria Demokratikorako Legea Kongresuan onartzeko negoziazioetan hura Donostiako Udalaren esku uztea adostu zuten Espainiako Gobernuan zeuden alderdiek eta EH Bilduk, 2022an. Zehazki, eskualdaketarekin batera, eraikina lege hark adierazitako ekintzetara bideratzea adostu zuten; hala adierazita dago legean ere.

Orduan, EH Bilduk Kongresuan duen eledun Mertxe Aizpuruak adierazi zuen La Cumbre eta Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) —itun berean adostua— memoria gune bilakatzeko egindako akordioak balio zuela «iraganeko gertaerako aitortzeko» eta «ahaztutako biktimei erreparazioa bermatzeko». Eta erabakia ontzat jo zuten Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren senideek zein memoria arloan lanean ari diren zenbait eragilek ere. Pili Zabala Joxi Zabalaren arrebak adierazi zuen «giza eskubideen lorpena» zela erabakia.

EH Bilduk adierazi zuen urtebeteko epean eman beharko litzaiokeela forma eskualdaketari. Halere, Memoria Demokratikorako Legearen arabera, urtebeteko epean —2023ko urrirako— egin beharrekoa lagapenerako hitzarmen bat sustatzea» zen. Hain zuzen, epe hori igarotzear zela, hitz horien interpretazioak xextra eragin zuen Donostiako Udal Gobernuaren eta EH Bilduren udal taldearen artean. Izan ere, iazko urrian oraindik ere ez zen lagapenerako urrats esanguratsurik egin, eta koalizio subiranistak «kezka» adierazi zuen.

Donostiako Udalak 2023ko uztailaren 26an egin zion lagapenerako eskaera formala Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzari, Madrilek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaritzaren bitartez. Hain zuzen, EH Bilduk gaiaren inguruan aurkeztutako mozioa udaleko osoko bilkuran eztabaidatu bezperan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.