Brian Currin hegoafrikar bitartekariak adierazi du "ezker abertzaleko zuzendaritzak, zeharka, ETAri indarkeria modu iraunkorrean uzteko eskatu" diola, eta uste du erakunde armatuak ezker abertzalea "babestu" egin beharko lukeela, "garrantzitsua" litzatekeelako.
Jokoan, "helburu gisa, Euskal Herriko politikaren demokratizazioa" dagoela esan du Currinek Vocento taldeari emandako ekarrizketan, eta bide horretan ezker abertzaleko zuzendaritzaren pauso orok "bere oinarriaren erabateko sostengua" behar duela. "Hau etxe bat eraikitzea bezala da; zutabeek sendoak izan behar dutela". Alde horretatik, zuzendaritza duela bi urtetik lan ona ari dela egiten azpimarratu du.
Espainiako Gobernuak ezker abertzalearen "lidergo historiko eta sortzaileari erantzun positiboa" eman beharko liokeela ere ohartarazi du Currinek.
Lehengo astean Ondorioetatik, bidea eta urratsak. Ezker Abertzalea abian adierazpena plazaratu zuen ezker abertzaleak Iruñean, agerraldi jendetsu batean, eta adierazpen horretan Bruselako Adierazpenari "erantzun eraikitzailea" emateko eskatu zien ETAri zein Espainiako Gobernuari. Hain zuzen, Currin bera izan da Bruselako Adierazpenaren sustatzaile nagusietakoa, eta bertan nazioarteko hogei eragile garrantzitsuk su-eten iraunkor eta egiaztagarria eskatu diote ETAri, eta neurriko erantzuna Espainiako Gobernuari.
Hegoafrikarrak ez du zehaztu nahi izan berak ETArekin eta Gobernuarekin hartu-emanik duen edo ez.
politika
Currinek dio ezker abertzaleak "zeharka" ETAri indarkeria uzteko eskatu diola
Hegoafrikar bitartekariaren ustez, ezker abertzalea "lidergo historiko eta sortzailea" erakusten ari da, eta Espainiako Gobernuari ahalegin horri "erantzun positiboa" emateko galdegin dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu