D3Mk dio kanpaina egiten jarraituko duela, bere jarduera eten duen arren Garzonek

Demokrazia 3.000.000 hautesle plataformaren eta Askatasuna alderdi politikoaren edozein ekimen egitea eta ikurrak erakustea debekatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, agindua betetzen ez duenari desobedientzia egotziko zaiola ohartarazita. Bi elkarteenak diren edo horiek erabil ditzaketen lokal eta tabernak ixteko esan du. =lD3Mren webak==http://www.demokrazia3m.com/=l zabalik segitzen du.

2009ko otsailaren 18a
19:25
Entzun
Nahiz eta atzo Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Demokrazia 3.000.000 (D3M) hautesle plataformaren jarduera eten zuen -Askatasuna alderdi politikoarena ere bai-, D3Mk gaur agertu du kanpaina egiten segituko duela. Gaur Gasteizen egin behar zuen ekitaldi bat ez du egin plataformak, bere kabuz erabaki horixe hartuta. "Baina kanpainan presente izango gara, baita hauteskundeetan eta hautesontzietan ere", esan du Iñaki Ullibarri hautesle plataformako kideak, Gasteizen.

Garzonek D3Mren eta Askatasunaren edozein ekimen egitea eta ikurrak erakustea debekatu du, agindua betetzen ez duenari desobedientzia egotziko zaiola ohartarazita. Bi elkarteenak diren edo horiek erabil ditzaketen lokal eta tabernak ixteko esan du epaileak.

"Espainiako Estatuak ez du inolako kalitate demokratikorik", salatu du Ullibarrik -Arabako zerrendan D3Mko bigarrena da-. Joan den astean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak D3Mren eta Askatasunaren hauteskunde zerrendak baliogabetu zituen.

ETArekin harremana ustez

Atzo iluntzetik daude etenda Demokrazia 3.000.000 plataformaren eta Askatasuna alderdiaren jarduera guztiak. Debekatuta dago horien izenean "edo beste izen bat erabilita" edozein ekitaldi politiko egitea. Garzon epaileak eman du agindua 48 orriko autoa kaleratuta. Bi elkarteek ETArekin harremana dutela esateko nahikoa zantzu badagola dio. ETAren aginduz aurkeztu nahi dutela martxoaren 1eko hauteskundeetara, eta beraz, edozein ekitaldi egitea debekatzea dela "delitua" egitea saihesteko modu bakarra. Hiru urterako eten ditu bi elkarteen jarduerak, etena beste bi urtez luzatzeko aukera emanda.

Indar bereziz jaso ditu D3Mri debekatzen zaizkionak. "Zuzenean edo zeharka edozein hauteskunde ekitaldi, deialdi edo prentsaurreko" egitea debekatuta dagoela ohartarazi du. Bere logotipoa erabiltzea galarazita dagoela. Kartelik edo beste euskarririk ezin duela erabili. "Sortua izan zen" helburuarekin zerikusirik duen edozein ekimen egitea espresuki debekatuta dagoela. Ezin duela hauteskundeetan parte hartu, ezta bozekin lotutako ezer egin. Agindu horiek betetzen ez dituenari, gainera, "desobedientzia" delitua egotziko zaiola ohartarazi du.

"Askatasuna/D3M alderdiak" dituen egoitza, lokal, taberna edo beste edozein leku hiru urtez ixteko ere agindu du Garzonek.

"Alderdi, erakunde edo edozein alorretako talde gisa aritzea" galarazi die. Edozein ekimen "nazio zein nazioarte mailan" egitea. Modu publiko, pribatu zein instituzionalean egitea. Hori bai, "militante bakoitzaren eskubideak" ez direla urratu behar jaso du autoak, horiek zeintzuk diren aipatu gabe.

"Manifestaziorik, elkarretaratzerik, karabanarik edo beste ekitaldi politikorik" ezin dutela egin ohartarazi du. Areago, horietara joatea ere debekatuta dagoela zehaztu du. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailari eta Espainiako Poliziak Iruñean duen Zuzendaritzari horren berri emateko eskatu du.

Diru kontuak bahitu eta web orriak ere itxiarazi ditu. www.askatu.org eta www.demokrazia3m.com orriak aipatu du espresuki, eta Askatasunak zein D3Mk interneten zein beste orri dituzten ikertzeko eskatu dio Poliziari. Edozein kasutan, Garzonek www.askatu.org orria Askatasuna alderdiarena dela jakintzat eman duen arren, ez da hala. Amnistiaren Aldeko Mugimenduarena da web orri hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.