Dantzan.eus atariak gaur ohartarazi du profesionalak ez diren dantza taldeen emanaldiak baimentzen dituela Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri duen dekretuak. Atzo argitaraturiko testua irakurrita, debekuak indarrean jarraituko zuela pentsatu zuen dantzazaleek. Baina, antza, itzulpenaren arazoa izan da, gaztelerazko bertsioak baimena ematen baitu.
«Dantza talde ez-profesionalen entseguei berrekitea baimentzen da, eta, nolanahi ere, zorrotz errespetatu beharko dira pertsonen arteko segurtasun distantziaren, maskara erabiltzearen eta kontaktu fisikorik gabeko sei laguneko taldeen prebentzio baldintzak». Horra argitaraturiko dekretuaren euskarazko bertsioa. Entseguak bakarri aipatzen ditu; beraz, dantzazaleek ulertu zuten jendaurreko saioek debekaturik jarraituko zutela.
Haatik, gunearen jarraitzaile batek ohartarazi die gaztelerazko bertsioak «entseguak eta emanaldiak» aipatzen dituela. «Badirudi itzulpenean galdu egin dela dantza emanaldien baimena», idatzi dute Dantzan.eus-ekoek.
Euskaraz irakurri genuen dekretua eta horren arabera dantza talde amateurren emanaldiak ez zeuden baimenduta. Gazteleraz irakurri duen batek ohartarazi digu gazteleraz baimenduta daudela. https://t.co/BZSIx6LomP
— Oier Araolaza Arrieta (@oaraolaza) May 13, 2021
Edonola ere, dekretu berriak bestelako informazio hutsuneak ere badituela ohartarazi dute. Izan ere, ez du zehazten zenbat dantzari elkartu ahal diren entseguetan. «Orain arte, sei kideren artekoa zen muga. Zenbakirik ez zehazteak nahi adina dantzari elkartu daitezkeela esan nahi ote du? Ez dirudi hori horrela denik, orain esaten baita taldeek prebentzio neurrien protokoloa izan beharko dutela, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak jasoko dituena. Baina zein dira jarraibide horiek?», galdetu dute.
Edonola ere, dantzazaleek ondorioztatu dute erromeriek eta jaietako dantza desfile eta emanaldiek debekatuta jarraitzen dutela, horietan ezin delako ikusle kopurua mugatu. Maiatzaren 8an Jaurlaritzak plazaraturiko dekretuak espreuski debekatzen ditu, eta dekretu berriak ez du aldatu.
Horrez gain, emanaldiak egitekotan, neurri zorrotzak bete beharko dituzte dantzazaleek, beste kultur ekitaldietako antolatzaileek bezala: areto itxietan, gehienez, edukieraren erdia, 400 pertsonako mugarekin. Aretoak berez 1.600 pertsona baino gehiago har baditzake, orduan asko jota 600 ikusle bildu ahalko dituzte. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da.
Azaldu dutenez, leku irekietan ere edukieraren erdia baino ezingo da bete, eta, gehienez, 600 pertsona. Maskara jantzita eta eserita egon beharko dute ikusleek, eta aulkiak aldez aurretik banatu beharko dira.
Eta 22:00etarako amaituta beharko du emanaldi orok, barruan zein kanpoan.