«Medikuak esaten dit Sovaldi botika behar dudala, baina ez dela iritsi oraino». C hepatitisak eragindako osasun arazo gero eta larriagoen kezkatan, Jesus Gine pazienteak irmo atxikita segitzen du orain hilabete batzuk —Eusko Legebiltzarrean azaldu zen iazko irailean— plazaratu zuen laguntza eskarian; azaldu du Gurutzetako erietxera (Barakaldo, Bizkaia) medikuen azterketetara jotzen duen aldiro esaten diotela botika berri hori behar duela, baina ez diotela ematen. «Diote izen eta abizenekin iritsi behar duela botikak». Eta harenik agertzen ez. «Eri larrienei besterik ez diete ematen, oso larri daudenei: minbizitik oso gertu». Egunotan Euskal Herrian beste hainbat pazientek adierazi duten eran, zain egoteko asmorik ez duela esan du Ginek: «Ni oso gaizki nago. Nire bizitza dago jokoan». Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek argi utzi du, hala ere, ez dutela kasu oro botika berriarekin artatzeko asmorik. «Segur aski, ez dute guztiek Sovaldi behar, ezta denek batera ere».
Egunotan C hepatitisak kutsatutako eriek eta haien senideek egindako protesta ugariek izan duten oihartzuna saihestu ezin, eta atzo heldu zion gaiari Darponek hedabideen aurrean. «Gaixo guztiak artatuko ditugu, bainabotikak emateko orduan espero izatekoa den lehenespenak eginez», ohartarazi zuen. «Ez dago motiborik gaixo guztiak batera artatzeko; ez dago hori egin duen herrialde bakar bat ere. Ez dugu inor ere tratatu gabe utziko, baina Sovaldi ez da sendagai bakarra». Argi dago, ordea, zinetan eraginkorra dela —erien %90 osatu egiten dira— eta egun erabiltzen diren beste botika askok baino nahi gabeko ondorio samurragoak dituela. Izan ere, sendabidearen trukean, gorriak eta beltzak ikusi dituzte orain arte usu pazienteek.Lehen pertsonan konta dezake Ginek: «Ni, esate baterako, egon nintzen interferona hartzen, eta oso gaizki. Pozoia da hori». Nahi gabeko ondorioen artean daude ondoez orokorra eta umore aldaketa bortitzak.
Auziaren muinean, botikaren salneurria dago; eskandaluzkoa, eri bakoitzeko 60.000 euro ingurukoa. Gaixo askoren heriotza saihesten lagun dezakeela aintzat hartuta, Gilead botika konpainiak sendagaiari jarritako prezioak kritika handiak eragin ditu;izan ere, osasun sistema publikoak argi uzten ari dira zama handia dakarrela. Irailean Espainiako Osasun ministro Ana Matok esan zuen akordio bat izenpetu zutela Sovaldi egiten duen konpainiarekin, eta botika finantzatu egingo zutela. Handik gutxira, Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun agintariek esan zuten botika banatzen hasiko zirela Osakidetzan eta Osasunbidean, eta, hain justu, jakin zen oso larri zeuden hainbat eriri eman zitzaiela; gainerako eriei botika emateko zer irizpide jarriko ziren ez zen argi geratu. Eta ez dago argioraindik. Horra egunotako protesten kausa. Zarata handiena egin dutenen artean, esaterako, Nafarroako Atehna elkarteko kideak daude. Itxialdi bat egin nahi izan zuten larunbatean Nafarroako Ospitale Gunean, baina foruzainek bota egin zituzten handik.
Kexu da elkarteko presidentea, Antonio Garcia. «Bizkortasuna eskatzen dugu. Zirrosiak ez du itxaroteko biderik ematen; azkar jokatu behar da gaitza agertzean». Hori dela-eta egin dute eskaria: zirrosiak jotakoei, gibeleko transplantea eginda daudenei edo egiteko zain daudenei, eta orain arteko tratamenduekin sendatu ez direnei, eman egin behar zaie Sovaldi. Berandu baino lehen. Botika ez da inoiz bakarrik ematen; beti behar izaten du osagarriren bat, eta haien beste borroka da interferona ez erabiltzea tratamendua osatzeko. Erien eskariei lotuta, atzo, Nafarroako Parlamentuan talde denek —PPNk salbu— eskatu zuten tratamendua bermatzeko behar duen gaixo orori.
Euskalsidan —GIB birusa eta C hepatitisa batera dituzten eri ugari daude—, berriz, zain daude, Osakidetzak zer esango. Badute larri, tratamenduaren zain dauden gaixoen berri, eta hura emateko erabiltzen ari diren irizpideen gaineko azalpenak hil honetan jasotzea espero dute. Auziaren inguruan aritzean, hala ere, Sovaldi egiten duen konpainiaren jarrera ere irmo kritikatu behar dela oroitarazi du elkarteko presidente Asier Lekuonak. «Ezin da horrela ibili; ohartarazi egin behar da botika konpainiak izan duen jarreraren inguruan ere».
Osasun Ministerioak sustatuta, Espainian batzorde zientifiko bat eratu dute gaia lantzeko. Plan bat agindu dute; hiru aste barrurako.
Darpon: «Segur aski, ez dute denek Sovaldi behar, ezta denek batera ere»
Larrien dauden eriei besterik ez zaie heldu oraino C hepatitisaren aurkako Sovaldi botika, eta argibide eske ari dira gaixoak.Lehentasunak jarri behar direla ohartarazi du Jaurlaritzako Osasun sailburuak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu