Pastor
Darwin eta gu

'Baga edo ez ga'?

2026ko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Franco hil eta bi urtera, 1977an, Eguberrietako iragarkia hedatu zuen Codorniu enpresak telebistan, bere cava bultzatzeko. Lurraren aldeko aldarria zen, marketin ederra, orduan aitzindaria zen moduaz baliatua: abesti bat penintsulako lau hizkuntzetan. Jatorrizko mezuak, espainieratik beste mintzairetara egokitu zutenak, hauxe zioen: «Izenda ezazu zeure lurra bere berezko izenaz eta bere berezko hizkuntzaz; zure hizkuntza zure lurrean entzuten den soinua da».

Hegoaldean ikusi genuen iragarkiaren euskarazko bertsioan Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko bina herri azaltzen ziren. Ordena horretan. Nafarroa lehena. Katalanezko kantan, Katalunia, Valentzia eta Balear Uharteak ageri ziren. Sezesionismo linguistikorik ez. Konstituzioaren aurreko garaiak ziren, Espainiak egokitutako eredu autonomikoa eta geroko borroka eta interes politikoak artean filologiari gailendu ez zitzaizkionekoak. Gabon gozoak: turroia jan, cava edan eta Errezil pantailan —Régil idatzi zuten bertan, norberak bere lurraren izena bere hizkuntzaz esateko iragarkian egiten zen kanpainaren mamia ustelduta. Erdara al da errezildarren hizkuntza?—.

Lau hamarkadaren ostean hizkuntza horien musika entzungo da gaur Goya sarien ekitaldian, Bartzelonan. Espainiak besarkada kultural autonomikoa emango dio Kataluniari, prozesuaren osteko ustezko normalkuntza ospatzeko. Euskarazko filmak izan dira aurtengo hautagaien zerrendan. Hizkuntza ustez espainiar batean eginak dira lanak. Karmele da horietako bat. Ez pentsatu hau zehaztea artea eta politika nahastea denik. Ez. Lapurdiko zinemagile batek Carmen pelikula filmatu balu, euskaraz, nazismotik ihes egindako euskal emakume baten historiaren inguruan, Goya sarietan lehiatzeko izen-emateko aukera izango zukeen? Akademiaren iritziz, Carmen ez litzateke espainiarra izango, hizkuntza ustez espainol batez sortua izan arren. Euskara hori bizkaiera balitz, orduan ere ez lukete onartuko. Haien ustez, frantsesa izango genuke pelikula.

Maspalomas eta Karmele lanek harrera ona izan dute gure zinema-aretoetan. Filmetan euskara dugu mintzabide. Gure hizkuntza afixetan ere ageri da. Karmele-n, esate baterako, tokiko euskararen berri ematen zaigu, laburketa fonetikoekin: Baga edo ez ga? Kasu horretan, nire ustez, oso ondo justifikatua dago esaldia bere horretan idaztea. Izan ere, berebiziko esanahia du pelikulako eszena jakin batean. Zentzu berezia ematen dio.

Beste testuinguru batean ez nuke hain egokitzat joko, baina. Urtero, kazeta testuetan euren herriko euskaraz idaztea onargarria den galdetzen didate ikasleek. Nire erantzuna: testua ez da zuen herriko aldizkarian argitaratzekoa; gelako beste ikasleek ulertzeko modukoa izan beharko luke. Tokiko hitz edo esaeraren batzuk, bai. Hortik haratago, erne bazterrak! Batez ere aditzen morokilari eragiten badiogu: esan li ezin leila; bulanjersa ostatualat jin dĂ¼zĂ¼. Dialektologia ikasi beharko genuke. Luis Luzianoren lagunak elkartea sortu. Edo ohikoena: azkenean, cristianoz hitz egingo lukete euskaldun ateoenek.

Izan ere, guztiz logikoa da azpieuskalkietako tokiko euskara eskualde horretako jendearekin erabiltzea. Nork bere etxeko euskaraz Euskal Herri osoan komunikatu nahi izatea beste kontu bat da, ordea. Ondotxo dakigu jatorkeriak zer dakarren. Bikote haren kasua: neska, gipuzkoarra; mutila, Bizkaiko itsasaldekoa. 35 kilometro besterik ez euren herrien artean. Lehen hizkuntza euskara dute biek. Ikastoletan ikasi dute. Hala ere, elkarri ulertu ez, nork bere supazterreko euskarari eusten diolako. Bakoitza bere eremutik apur bat irtetea hizkuntzaz aldatu gabe ulertzeko gehiegi da, antza. Flensburg-eko eta Bozen-eko herritarren mintzairak oso desberdinak dira, baina hango lagunek ez dute arazorik aleman estandarraz mintzatu eta elkarri ulertzeko. Euskaldun batzuek, aldiz, espainieraren alde egiten dute. Baga edo ez ga? Baga, noski. Baina elkarri ulertzerik ez badago, somos baino bagara nahiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA