Festa amaitu eta etxe aldera egin dute bi gazteek. Oso urrun daude, baina. Argia piztu zaio mutilari: aitari deituko dio, ohetik jaiki eta haien bila joan dadin. Baietz erantzun dio gizonak. Itxaroteko. Gurasoa noiz iritsiko zain daudela, mutilak jakinaren gainean jarri du neska: «Aita oso beltzarana dut, baina ez da moroa, e!». Azaldu beharra zuen, gaizki-ulerturik ez izateko: aita beltzarana da, oso, baina kontuz!, bera ez da magrebtar baten semea.
Mutilaren aita ez da moroa. Eta hala izango balitz, zer? Arrazista ote den galdetuz gero, seguruena ezetz erantzungo du kezka azaldu duen gazteak. Hala eta guztiz ere, nabarmen geratu da; barrenak traizionatu egin du. Arrazista ez bada, zergatik argitu nahi izan du aita ez dela moroa, haren azala gorabehera? Aurpegiaren koloreak egitate, uste eta aurreiritzi ugari azaleratzen dituelako. Zuria orban gabetzat jotzen dugu. Zenbat eta zuriagoa, orduan eta garbiagoa. Eta aberatsagoa. Pertsona beltzak, orokorrean, baldintza sozioekonomiko eskasagoetan bizi dira zuriak baino. Kolore beltzak, gainera, beste konnotazio batzuk ditu, sozialki eraikiak, esango nuke. Geure kulturan koloreei lotutako ezaugarriak ditugu. Zuria: gardena, purua. Ederra. Beltza edo beltzarana, ostera, kontrakoa da. Zuriñe izena dugu; Belziñe, ez.
Arestion polemika izan da Wuthering Heights filmaren inguruan. Jacob Elordik hartu du Heathcliff gizon grinatsuaren rola. Zenbait adituk ez dute gustukoa izan aukera hori. Izan ere, lagun horien iritziz, Emily Bronteren liburuko pertsonaia «etnikoki anbiguoa» da, «azal ilunekoa». Emerald Fennell zuzendariari White-Washing egitea leporatu diote, hau da, gutxiengoen papera aktore zuriei ematea. Horien arabera, Jacob Elordik artista beltz bati kendu dio lekua. Eta lana. Bronteren nobela zenbait aldiz eraman dute pantaila handira. 1939ko bertsioan Laurence Olivier aktore mitikoak gorpuztu zuen Heathcliff —Elordik esan duenez, Larry bere inspirazioetako bat izan zen, nerabezaroan haren biografia irakurri baitzuen—. Olivier ere ez zen bereziki beltzarana, baina garai haietan ez zegoen oraingoa bezalako kontzientziarik gai honen inguruan.
Azaldu beharra zuen, gaizki-ulerturik ez izateko: aita beltzarana da, oso, baina kontuz!, bera ez da magrebtar baten semea
Zuria da Jacob Elordi. Eta euskal jatorrikoa. Bitxiak dira horren inguruan azaldutako ikuspuntu desberdinak. Wikipedian hari buruz zer idatzi duten irakurri besterik ez dago. Euskarazko eta ingelesezko testuetan Elordiren euskal jatorria aipatzen dute: aita markinarra du; aitaita zena, berriz, ondarroarra. Espainolezko eta frantsesezko testuetan, aldiz, ez dago horren arrastorik. Aktorea australiarra dela idatzi dute. Besterik ez. Jatorria espainiarra zuela esanez gero, aitonak ito egingo zuela adierazi zuen Elordik, elkarrizketa batean. Beraz, ez da zaila asmatzea zergatik haren jatorria ageri den batzuetan eta zergatik ez besteetan.
Australiarra dugu Elordi. Hain da australiarra, non ahoskatze-eskolak hartu behar izan dituen pelikulan Yorkshire eskualdeko doinu ingelesaz hitz egiteko, The Observer egunkari britainiarraren arabera. Elordiren azala ez da Heathcliffena bezain ilunkara. Semearen deia jaso duen gizonarena bai, antza. Eta hori ez omen da ederra. Belztasuna kontu iluna da, nonbait. Kolore horrek gardentasunaren kontzeptutik aldentzen duten ezaugarriak ditu zurien iruditerian: sentsuala, lizuna dugu. Zikina.
Mutila lotsatu egiten da aitaren azaleko koloreagatik. Gurasoaren itxura guztiz bestelakoa balitz, nola jokatuko luke? «Aita oso zuria da, eta ilehoria, baina ez da eskandinaviarra, e?». Ez, ez luke halakorik esango. Harro, paparra puztuta ibiliko litzateke besteek Europako Iparraldeko ario baten semea dela pentsatuko balute, ez Afrika Iparraldeko magrebtar batena. Arrazistak? Gu?
Seicho Matsumoto japoniarraren Suna no Utsuwa nobelan —Hareazko Gaztelua— hilketa bat ikertzen ari da Eitaro Imanishi inspektorea. Hotel batera joan da eta susmagarri bat deskribatzeko esan dio harrera-lekuko neskari. «Beltzarana zen, baina ederra».