Pastor
Darwin eta gu

«Espainol hil da»

2026ko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan da Carlos Garaikoetxea. Franco osteko Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariak Iruñean, bere jaioterrian, eman du azken hatsa. Hari buruzko iritziak iritsi dira berehala. Eta irain asko hedabide espainiarretako foroetan: «Beste herrialde batzuetan bera bezalako jendea espetxean hilko zen»; «bat gutxiago; pixkanaka-pixkanaka...»; «pena bakarra dut: hain denbora luzea igaro izana hil arte»; «ama batek sortu duen morroirik zital eta traidoreena izan da»; «ez ahal du bakerik izango hil ondoren!». Adierazpen askatasuna aipatuko dute. Ados. Alabaina, egunkari horiek halakorik argitaratzen utziko dute Abu Dhabiko iruzurgilea —edo haren semea— hiltzen denean? Egon hadi zain.

Gizarte gaixo pozoitua da Espainia. Ez du erremediorik —orokortzen ari naiz, jakina, beraiek gurekin egiten duten bezalaxe—. Zornea ateratzen zaio independentista bat, euskalduna edo katalana, hiltzen denean —geu omen gaude eri (kar, kar, kar)—. Garaikoetxearen kontrako gorroto adierazpen pare batek eman dit arreta, bereziki: «Espainol hil da». «Espainol hil da. Arana hil zen bezala, Otegui hilko den bezala». Espainol hil da. Izorra dadila. Horrexek asebetetzen ditu, besterik ezean. Bikotekidea bortxaz atxikitzen dutenen pentsaera azaltzen dute: «Ez duzu niregandik alde egiteko ez eskubiderik, ez aukerarik»; «hil arte izango zara nirea». Hori da haien poz bakarra. Hori haien sadismoa. Tristea da gero.

Espainiartasuna goretsi, aldarrikatu egiten dute, baina ez dakite saltzen. Inoiz galdetu diote beren buruari zergatik? Gauzarik txikienetan egiten dute huts: Xavi Alonso edo Xabi Hernández idazten dute —ez dugu deus esango ahoskatzeari buruz—, baina analfabeto deituko dizute paper batean Jabier Arenas jarriz gero. Zergatik? Funtsean, haien izendegian Javier baino ez delako existitzen. Beste izen guztiak txorakeriak dira, jendea nahasteko gogoa. Gero, harritu egiten dira espainiar sentitzen ez garelako. Bost mende eman dituzte gu konbentzitu nahian, batzuetan gozatuz, bestetan egurtuz. Ez dute lortu, baina. Alde horretatik begiratuta, Espainia ez al da huts egindako estatua izango?

Garaikoetxea Urriza deiturak izan eta baskoa edo euskalduna ez zarela esatera ausartzen dira. Iruñean jaio zarelako. Pradales edo Esteban abizenekoak ere baskoak ez direla adierazten duten arrazista berak dira. Nor ari da hemen karnetak banatzen? Garaikoetxeak, gainera, traizio egin omen zion Nafarroari. Esperpento espainiarra —non da Valle-Inclán?—. Nafarroa zer den badakite? Pablo Fermin Irigarai Larreko zenak (1869-1949) istorio argigarria kontatu zuen Lekukotasuna lanean. Idazle nafarrak azaldu zuenez, XIX. mendearen lehen erdialdean bazen etxe bat Luzaiden, zati bat Espainia deritzon aldean zuena, eta bestea, Frantzia delakoan. Familia bereko kideak espainiarrak edo frantsesak izan zitezkeen, etxeko zein aldetan jaio ziren. «Etxe batean aita española eta seme alabak frantzesak; nola daiteke ori?». Guztiak ziren nafarrak, baina. Euskaldunak. Elkarrekin ez ziren espainolez edo frantsesez mintzo, euskaraz baizik.

Quebectar bat eta eskoziar bat kanadar eta britainiar jaiotzen dira, baina aukera izan dezakete, txikia bada ere, soil-soilik quebectar edo eskoziar hiltzeko. Hegoaldeko euskaldun batek eta katalan batek espainol jaio eta espainol hil behar dute. Nahitaez. Alta, Baigorriko nafarrak ez dira espainol hilko. Esan biezaiete gure supremazista ezjakinek euskaldunak ez direla.

Ofizialki, espainol hilko omen gara. Espainol bizi? Ahal den neurrian, ez. Espainol sentitu? Inoiz ere ez. Horrexek amorrarazten ditu. Horrexek mintzen. Geure burua haien herrikidetzat jotzen ez dugula ikusteak. Haien hizkuntza, himnoa, bandera, ikurrak eta beste geure ez ditugula ohartzeak. Hori lortu ez dutela eta lortuko ez dutela jakiteak. «Espainol hilko zarete» esatea dute kontsolamendu. Zeinen gorrotagarri zaien espainiar sentitzen ez garela jakitea. Zeinen atsegingarri zaigun espainiar ez sentitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA