Asteazkenetik aurrera beste erdara bat inposatuko dute Bilbon. Cervantesen hizkuntzaren ordez Shakespeare-rena izango dugu jaun eta jabe: ingelesa hizkuntza ofiziala, espainiera orain arte izan den legez. Hori irudika genezake Bizkaiko egunkari batek Europa ligako finalari buruz idatzitako lerroburua irakurrita: 80.000 ingelesek Bilbo kolonizatuko dute. Ederra gero! Euskarak ofiziala izaten segituko du teorian, baina praktikan bigarren maila batean. Gaur bezalaxe.
Sentsazionalismoa gero eta hedatuago dugu. Eta joko zikina: zer esan eta zer ez. Adibidez: Jose Mujicaren heriotzaren berri eman du Bilboko egunkariak. Albiste nagusiaren ondoan, beste bat: ‘Pepe’ Mujicak Blancoren biziaren alde egin eta ezker abertzaleak mespretxatu zuenekoa. Halaxe. Beste kontu batzuk ederto gorde ditu. Esaterako: Uruguaiko presidente ohiak inoiz ez zuen iragana arbuiatu. Bilakaera, aldaketa bat izan zuen, bai, baina ez zion muzinik egin hasierako borroka armatuari.
Hedabide gehienek alde hori ezkutatu dute, ordea. Txileko La Tercera egunkari eskuindarrak, berriz, aspaldi utzi zuen argi Mujicak inoiz ez zuela behinolako borroka gaitzetsi. Hori ere maltzurkeriaz egin zuen hedabideak, noski, politikariaren dirdira iluntzeko edo, baina behintzat ez zuen gezurrik esan. Egunkariak hauxe idatzi zuen Emir Kusturica-ren El Pepe, A Supreme Life dokumentalaren harira (2018): «Tupamaro ohia konplexurik gabe mintzatzen da hiri-gerrillako urteei buruz, erromantizismoz eta autokritika gutxirekin (batez ere, kontuan izanda garai haietan delituak egin zituela)». Eta bukaeran: «Mujica, damu bakarra duen tipoa: mundura seme-alabarik ekarri ez izana».
Umerik ez izateaz baizik ez zen damu el Pepe —eta atxilotu zuten egunean behar bezain arin korrika egin ez izanaz, ironiaz kontatzen zuenez—. Une historiko jakin batean armak hartu izana arbuiatu? «Gaizki egina egon zen» edo «injustua izan zen» esan? Inoiz ez. Hala ere, hemengo ostia-jale eta bakezale hipokrita batzuek kontrakoa sinetsarazi nahi izan digute. Zergatik? Hori agertzeak haien diskurtso ofiziala zapuztuko lukeelako.
Tupamaroa zen Mujica. Gerrillak Tupac Amaru II.a inka izan zuen gogoan izena aukeratzean, konkistatzaileen aurka borrokatu zen buruzagia. Espainiarrek Micaela Bastidas Puyucahua, haren andrea zena, exekutatu zuten matxinadan gailendu zelako. Sarraski itzelak egin zituzten kolonizazioan. Ingelesek ere bai: irlandarrei esan zer uste duten Oliver Cromwell genozidari buruz. Hala ere, badirudi Bilboko konkista desberdina izango dela.
«Euskaraz galdetu eta erdaraz erantzuten dizutenean, elebitasuna da; erdaraz galdetu eta euskaraz erantzuten duzunean, supremazismoa»
Datorren asteko ustezko kolonizazio ingelesa dela eta, interesgarria izango litzateke hau jakitea: Bilbon zenbat lagunek ulertzen duten ingelesez eta zenbatek euskaraz. Nola erreakzionatzen duten «kaixo, txo» edo «hi, bro!» entzunez gero. Zein agur mota duten gustukoena: Bizkaiko kostaldekoa ala Tamesis edo Hudson ibaietakoa? Begirune bera izaten diete bi hizkuntzei? Eta haien hiztunei? Agian ez da galdera egokia Euskaraldian, zorion-bitsetan gauden honetan. Edo bai. Izan ere, hemen bada jendea, euskara ikasi edo euskaraz egin nahi ez duena. «No me ape», esango dizute, lotsagabe bezain oldarkor. Guk, ostera, erdaraz egin behar dugu haiekin komunikatzeko. Haien logika da: euskaraz galdetu eta erdaraz erantzuten dizutenean, elebitasuna da; erdaraz galdetu eta euskaraz erantzuten duzunean, supremazismoa. Iruzur galanta.
Asteazkenetik aurrera espainieraz argitaratzen utziko ote diote kolono berriek Bilboko egunkariari, soilik ingeles hutsez ala tolerante folkloriko jokatu eta baimena emango diote tokiko albiste bitxiak gaztelaniaz emateko? Ezin jakin. Bitartean, alamena ematen segitzen du hedabideak partidarekin: Tottenham-en eta United-en ‘fan zone’-ak 18:00etan itxiko dituzte. Zer egingo dute txartelik ez duten ingelesek? Zer egingo dute, ba? Arriaga antzokira joan eta Windsorreko emazte bihurriak ikusi. Shakespeareren hizkuntzaz, kolono onen antzera. Galdetzea ere!