Espainiako Errege Kopako finalerdiak. Bueltako partida Anoetan. Reala eta Athletic norgehiagoka, Sevillan izango den azken partida gogoan. Zuzeneko emanaldia, Euskal Telebistak eta Espainiako telebista publikoak eskainia. Milaka herritar Euskal Telebistaren lehen kateari begira, gehien-gehienak futbolzale euskaldunak —hori pentsatu nahi nuke behintzat—. Izan ere, partida erdaraz ikusteko bazegoen TVEko lehenengo katea.
Lehen zatia amaitu eta bi taldeen ordezkarien iritziak jaso nahi izan ditu kazetariak. Hor bildu ditu Mikel Gonzalez, Athleticeko futbol zuzendaria, eta Xabi Prieto, Realeko ordezkari instituzionala, elkarren ondoan. Agurtzen hasi da kazetaria. Gero, bizkaitarren ordezkariari zuzendu zaio. Gaztelaniaz. Gonzalezek mintzaira horretaz jardun du, euskaraz ez dakien seinale. Hamabost segundo inguru izan dira. Jarraian, donostiarren txanda ailegatu da. Orduan, bai: euskaraz galdetu du kazetariak. Eta euskaraz erantzun du Xabi Prietok. Bera ere minutu laurdenez edo mintzatu da.
Ez da lehen aldia halakoak gertatzen direna. Ez da azkena izango, konponbiderik bilatu ezean. ETBk besterik gabe aukeratu zuen euskaraz ez dakien ordezkari zuri-gorri bat? Edo halakoetan une horretan eskura dagoen pertsona batekin hitz egiteko esaten die kazetariei Ibaiganeko taldeak, euskarari garrantzi handirik eman gabe? Espainiako telebistaren programa batera ez lukete bidaliko ordezkari bat espainieraz ederto moldatzen ez dena. Asteazkeneko emanaldia, aldiz, ez zegoen Espainiako ikusleei zuzenduta, euskaldunei baizik. Bai, gero, partida bukatu ondoren, entrenatzaileen eta jokalarien txanda heltzen da, haien iritzia ezagutzeko tenorea. Kasua ez da berdina, baina. Euskal talde batek oso ondo aukeratu behar du bere ordezkari publikoa. Irizpide asko izan behar ditu kontuan, eta euskaraz jakiteak horien artean behar luke.
Ondo uler ezazue. Ordezkari publiko bati buruz ari naiz: egun erabat aktibo dagoena, bilera, aurkezpen, zozketa eta halako egintzetan izateko hara-hona joaten dena. Madrilera Kopako kanporaketen zozketara, partida garrantzitsu batera edo bestelako ekitaldi ofizialetara doan euskal talde baten ordezkariak erdaraz erantzun behar die Euskal Telebistako edo euskal hedabide bateko kazetariei? Ikus-entzule euskaldunok, Athletic zaleak izan edo ez, ez dugu hori merezi.
Bizkaiko lur puska handi baten berezko hizkuntzaz berbetan ez dakien pertsona bat jarri dute kameren aurrera. Gola bere atean sartu du Athleticek ala Realak sartu dio? Ez dio ardura. Hamabosna segundoz aritu dira bi ordezkariak. Alde ederra hizkuntzei dagokienez. Orduantxe nabaritu da. Hori bai gola!
«Donostiarren txanda ailegatu da. Orduan, bai: euskaraz galdetu du kazetariak. Eta euskaraz erantzun du Xabi Prietok»
Zertarako ari gara euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen, euskararen aldeko kanpainak egiten, halako egintzetan keinu txiki baina garrantzitsuak kontuan hartzen ez baditugu, axolagabekeria nagusitzen bazaigu? «Bai, baina ez da ezinbestekoa ordezkari instituzional euskaldun bat bidaltzea 15 bat segundoz hitz egiteko», esango dute. Ba, bai; bada funtsezkoa. Uste baino gehiago. Horretaz konturatzen ez bagara, telebistan edo beste leku batean hori gertatu eta begi-belarrietan minik eragiten ez badigu, ez gabiltza ondo. Ez zaleok, ez taldeak, ez gizartea. Euskara beste arlo batzuetan baztertuko balute, oihu batean hasiko ginateke, kezka eta kexa ahoan: udal, aldundi, legebiltzar, alderdi edo beste edozein instituzio publikok ordezkari elebakarrak hautatuko balituzte, protesta egingo genuke. Baita gure enpresa edo erakunde pribatuetan izanez gero ere. Hala ere, futbolaz ari garenean, ez. Gure taldeak sakratuak dira. Hobe dugu beste alde batera begiratu.
Zorionak, Reala. Gola sartu zenigun. Bikaina, VAR eta penaltirik gabe. Halakoa izan baitzen jokaldia, xume bezain garbia: kameren aurrean euskaraz dakien pertsona bat ipini zenuten. Ordezkari instituzional euskalduna. Ederra gola, inoiz izan den luzeena: minutu erdiko gola. Anoetan, baina San Mamesen ere izan zitekeen.