Pastor
Darwin eta gu

Peterren lagunak hilerrian

2025eko azaroaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekaineko egun batean Peter Listro kameraren aurrean jarri zen New Yorkeko etxean bere irudia, gorpuzkera, hitzak, keinuak eta beste grabatzeko. 83 urte zituen. Otsailean medikuen epaia entzun zuen: odoleko minbizia zuen. Eta urtebete baino gutxiagoko bizi itxaropena.

Senideek ez zuten Peter betiko galdu nahi. Egungo teknologiak zenbait baliabide eskaintzen dituela jakin, eta StoryFile enpresara jo zuten abatar bat sortu eta harekin bideo pantaila baten bidez hitz egiteko. Grief-Tech — Dolu-Tech— delakoak aukera batzuk ematen ditu heriotzak eragiten digun pena leuntzeko: hil den pertsona baten mezuak hedatzen dituzten txatbotak edo maite duzun lagunaren 3Dko abatarra. Ondo, baina...

Txatbot horiek aipatu ditu Le Monde egunkariak Adimen artifiziala eta hilezintasun numerikoaren ilusioak artikuluan. Testuan ilusio horrek ekar dezakeen arriskuaz mintzatu da Laurence Picque psikoterapeuta: «Bestea artifizialki mantentzen badugu, ez dago dolu prozesurik abiatzerik». Beste aditu baten arabera, kontuz ibili behar da: doluan oso sentiberak eta zaurgarriak gara eta halako erlazioetan proiektatzeko arrisku handia dago.

Azaroaren 1a da gaur. Heriotzaren Nazioarteko Eguna edo. Guztiok gara geure eta maite dugun jendearen heriotzez kontziente. Atsekabe horri aurre egiteko hainbat modu daude. Abatarrak sortzea izan liteke horietako bat. Haatik, zenbateraino da etikoa? Izan ere, bizitza negozio bihurtu dute. Etekina. Heriotza ere bai. Dolua pasatzen utzi beharrean, dolua ezabatu egin nahi digute. Eta poltsikoak hustu. Alta, dolua besterenezina da. Guztiz pertsonala. Hildakoa gurekin berriro egongo ez dela onartu eta aurrera egitea da bidea.

«Bizitza negozio bihurtu dute. Etekina. Heriotza ere bai. Dolua pasatzen utzi beharrean, dolua ezabatu egin nahi digute. Eta poltsikoak hustu»

Fikzioak errealitatearen mina arintzen du, baina zenbateraino komeni da hildakoaren inguruan sortutako ilusioa luzatzea? Bai, kontsolagarria izan daiteke lagun horrekin alegiazko elkarrizketa bat izatea: «Zer afaldu nahi duzu gaur?»; «igandean Txindokira ala nahiago duzu serie bat ikusi?»; «Mediterraneora barik urrunera joango bagina oporretan?». Ondo dago hori, baina gero?

Argazkiak, bideoak, audioak, objektuak eta abar baliagarriak dira hildakoak gogoratzeko. Horiekin guztiekin errealitatean bizi gara. Txatbotek, aldiz, ilusio faltsuari lotzen gaituzte. Peter Listrori buruzko artikuluaren harira bere kasua azaldu du The New York Times-eko irakurle batek: aitak elkarrizketa bat egin zion bederatzi urte zituenean eta grabatu egin zuen. Umeak 12 urte zituenean hil zen gizona. Neskak grabazioa entzuten zuen batzuetan aita berarekin hitz egiten aditzeko. Egun batean amak kasete zaharra ikusi eta barruan zer zuen jakin gabe bota zuen. Kolpe latza izan zen alabarentzat. Hala ere, neskak argi du: «Aitaz oroitu nahi nuen haren ahotsa entzuten nuenean. Besterik ez. Ez dut bera ikusi nahi hitz horiek modu artifizialean esaten».

Gai horren beste ertz batez mintzatu da irakurle bat SĂ¼ddeutsche Zeitung kazetan, aholku eske. Izan ere, emaztea duela sei hilabete hil zen eta andrea biluzik agertzen den argazkiei begiratuz masturbatzen da. Ez al dago inor, joandako bikotekidearen irudia gogoratu, negar egin edo sexu-desiorik ez duenik? Eta ez soilik hil eta sei hilabetera. Zer esan gizon horri? Berak jakingo du zer harreman mota zuen andrearekin: hura soilik sexuagatik ote duen gogoan oraindik. Edo beste kontu batzuek ere oroitarazten dioten emaztea zena. Horixe suposatzen dut.

Hildakoa gogoan izatea guztiz normala da. Humanoa. Denboraren joanak gomutak higatu, lausotu egingo ditu, baina pertsona hori ez da guztiz joango hura ezagutu zuten senideak edo lagunak bizirik dauden bitartean —inor ez da herenamonaz gogoratzen—. Horiek doazenean itzaliko dira argiak: denak ahaztuak oroitzapenen kanposantuan.

Azaroaren 1a. Bizirik egongo da gaur Peter Listro? Emaztea eta semea harekin solastatuko dira modu ikus-entzun-usain-dasta-ukituzkoan ala hizketaldi artifiziala izango dute haren abatarrarekin hilerrian liliak utzi eta gero?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.