Pastor

San Mames bete emakume

2025eko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Neskei eraso nahi zien lizeotik irteteko unean, Saint Etienne hirian. Liberation egunkariak jakinarazi duenez, Frantzian eraso maskulinista bat egiteko lehen saioa izan da. Orain arte inoiz ez dute gizonik akusatu soilik halako delitu bat antolatu izanaz. Hedabidearen arabera, Timothy G. ekainaren 27an atxilotu zuen Poliziak. 18 urteko mutilak bi laban zituen poltsa batean. Incelinvoluntary celibate, hau da, nahi gabeko ezkongabea— mugimenduaren teoriekin bat dator gaztea. Tiktoken influencer maskulinisten bideoak begiratzen dituela aitortu du. Epaileak «egintza terroristak» planifikatzea egotzi eta espetxera bidali zuen asteartean.

Gertakaria alarma pizteko modukoa dela azaldu du Le Monde kazetak: «Incel ideologia Frantzian izaten ari den azaleratzearen sinboloa da». Incel pentsaera AEBetan sortu zen eta mundu osora zabaldu da. Emakumeen eskubideek eta ahalduntzeak eragindako biktimatzat jotzen ditu gizon zuriak. Maskulinismoa: rol tradizionalei eutsi nahi dien mugimendu androzentrista, emakumeak gizon horien ustez berez dagokion lekuan segi dezan: haien azpian, haien mendean. Feminismoaren kontrako jarrerari etorkinen aurkako ikuspuntua gehitzen badiogu, incel-en ezaugarri nagusiak ditugu: misogino matxistak eta xenofobo arrazistak.

Adolescence serieak agerian utzi du pentsaera horren eragin toxikoa gizon gazteen artean. Lehenago ere izan da halako jokaerarik, baina ez hain nabarmen. The Mentalist serieko kapitulu batean womanizer, seduzitzaile profesional bat, galdekatzen ari dira, bere konkista-garaikurra izaniko neska bat hil dutelako. «Maitasuna larrutan egiten ez dakiten gizonen kontua da», dio hark. Casanovaren sekretu guztien berri izango balu bezala. Gizon batek emakumea osotasunean —alde sexuala barne— maitatzen jakingo ez balu bezala. Andrazkoa soilik haren izterren artean masturbatzeko gailu baten moduan erabili beharko balu legez.

Beti izan dira gizonezkoak, hau dela edo bestea dela andre kontuetan oso ondo moldatu ez direnak. Ehiztari rolean, batez ere. Tira, nolabait eraman izan dute erresumina. Horregatik, kezkagarria da oraingo fenomenoa. Sare sozialek bide eman dute arrangura eta frustrazio sexuala adierazteko. Eta hor ari dira gure gizontxoak, sutan, justizia aldarrikatzen. Mundua eta emakumeak haiekin zorretan egongo balira bezala.

NBEren arabera, 2023an 50.000 andre baino gehiago hil zituzten haien bikotekideek edo senideek. Feminizidio bat hamar minutuan behin

 

Mutilekin arrakasta handirik izaten ez duten neskak badira, izan, baina haiek ez dituzte gizonak hil nahi. Zergatik? Funtsean, botere kontua delako. Lehen ere bazegoen incel-ik; beti izan dira. Hala ere, emakumeak ahalduntze prozesuan hasi arte ez dira antolatu, ez dute haien amorrua sozialki bideratu. Lehen, sexu harremanik gabeko gizonak euren gotorlekuan zeuden. Sexurik ez, baina botere errealaren sentsazioa zuten. Ordea, orain arrakalak dituzte eraikin sendoan: larrua jotzen utzi ez eta, gainera, pribilegioak kendu nahi dizkiete emakumeek. Gehiegizkoa.

Justizia eskatzen ari dira, injustizia beste aldean pairatzen ari direnean: NBEren arabera, 2023an 50.000 andre baino gehiago hil zituzten haien bikotekideek edo senideek. Feminizidio bat hamar minutuan behin, Sueddeutsche Zeitung egunkariak idatzi duenez. Orduero sei biktima; egunean, 144. Atera kalkulagailua: 52.560 emazteki urtean. San Mames bete emakume, kolore eta itxura guztietakoak. Denak hilda. Alemanian 155 andre hil zituzten 2023an bikotekide edo bikotekide ohiek. Ia bi egunean hilketa bat. Orain, bikotekideak edo bikotekide ohiak ez ezik, inoiz erlaziorik izan ez duten gizonak ere izango dira hiltzaileak?

Caché filmean (2005) familia-harremanen eta arrazakeriaren korapiloa lotu zuen Michael Haneke austriarrak. Pelikularen bukaeran neskak eta mutilak lizeotik irteten ikusten dira, lasai hizketan. Hotzikara ematen du gazte bat labana eskuan ager eta ikaskide batzuen kontra egin lezakeela pentsatzeak. Benetan, ez filmean. Zergatik eta eskura ezin ditzakeen neskak direlako. Jadanik haren mendekoak ez direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.