Hil da Gino Paoli, udaberri hasi berrian. Sapore di sale, sapore di mare, sapore di te. Kanta mitikoa, antzinako urtaro eguzkitsuetan itxurazko bozkarioaren ispilu —gero etorriko ziren hainbat liskar eta istilu—. Hiru hamarkada loriatsuak, gerren ostean ordura arte inoiz bizi ez izandako ongizate-gizartea. Burua altxatzen hasiak ginen, kontsumoa gora eta bizi baldintza hobeak ustezko paradisu kapitalistan. Errepresioa soil-soilik beste aldean izaten genuen, Berlingo hesiaz haragoko gizarte goibel hitsean, antza. Zeinen gaiztoak ziren komunistak, han eta hemen giza eskubideak urratzen. Alta, Ekialdeko igitaiaren eta mailuaren mamuari esker egin genuen aurrera, Mendebaldean ugazabak baitzeuden uzkur, Moskutik zer iritsiko ote zen beldur. Spasibo, Nikita; Spasibo, Leonid.
Sapore di mare. Uda, Fiat, Seat, Renault, Citroen, oporrak itsasaldean, pizkunde ekonomikoa —1973an krisia etorri zen arte; petrolioa, beti petrolioa—, Fanta, Orangina, Coca-Cola, Pepsi, Perrier. Eta Kas. Iraultza nahi genuen, baina ez genekien Iraultzakontrakoa jada prest zutela XX. mendeko Trentoko kapitalistek. Txapela, Ricard bisera, alkandora zuri xumea, aperitifa, pilota eta petanka. Uretara zoaz eta begiratzen dizut eta bakarrik geratzen naiz harean eta eguzkitan.
Sapore di sale. 1963. Quousque tandem...! Gero, Ez Dok Amairu. Meliton Gipuzkoa ikaratzen ari zen ilunetan, baina arratsalde ederra ari zuen argietan. Zoriontsu antzean bizi ginen: orain baino ziurtasun gehiagorekin, bederen. Ez dugu iraganaren gorazarre itsua egin behar, ordea. Orduan ordena bakarra zegoen agintean, oraingo ordena ez da lehenagoko zaharra. Uretatik irteten zarenean eta etzatera zatozenean, nire ondoan, nire ondoan.
Joan da Gino Paoli. Hiltzea begiak betazal bihurtzea dela dio Antonio Lobo Antunes idazle portugaldar hil berriaren Carlos Gardelen heriotza nobelako pertsonaia batek. Milonga sentimental. Bizitzea batzuetan begiak betazal bihurtzea izango da? El día que me quieras. Pertsona eta kolektibo batzuk ikusezinak genituen. Iraultzak ez zituen gogoan: bizarra zuen eta prakak janzten zituen. Bizi aurretik hilak ziren. Ez ziren existitu ere egiten. Floïd, Agua Brava. Zaurietan 95 graduko alkohola sendagarri; ez jokatu maritxu barregarri. Gizona gizon eta andrea andre. Gatzaren zaporea, itsasoaren zaporea zure azalean, zure ezpainetan.
Ekialdeko igitaiaren eta mailuaren mamuari esker egin genuen aurrera, Mendebaldean ugazabak baitzeuden uzkur, Moskutik zer iritsiko ote zen beldur
«Ez dut maite atzera begiratzea. Baina neure buruari galdetzen diot inoiz inor mindu al dudan, lotsaraz nazakeenik egin ote dudan. Eta orain arteko erantzunak positiboak izan dira, gutxi gorabehera, nahiz alderik baden ongia egiteko asmoaren eta ongia benetan egitearen artean», adierazi zuen Gino Paolik, La Repubblica egunkariak zabaldu duenez. Maitasuna eta hark sortutako zalantza eta esperantza. Minaren arantza. Galdu ditugun eta geratzen zaizkigun gauzen zapore mingots samarra.
Paolik «biziaren eta maitasunaren xehetasun txikiak» hautematen zituela eman du aditzera La Verita-k. «Ginoren zerua» goratu du La Stampa turindarrak, Il cielo in una estanza kanta gogora ekarrita. Abestiak maitasuna eta sexua zituen ardatz; hasieran RAIk debekatu zuen eta irrati katolikoek uko egiten zioten hedatzeari. Kantaria dena dastatu nahi izan zuen gizona izan zela esan du Aldo Cazzullo kazetari eta saiogileak Corriere della Sera kazetan: «Gino Paoli inoiz ez zegoen espero zenuen lekuan. Komunista izanik, izuak hildako amaren senideei buruz hitz egiten zizun eta Askapenaren ondoko egunetan partisanoek lintxatutako maistrari buruz. Antifaxista izanik, il Duce-ren arrakastaren arrazoiak azaltzen zizkizun. Il cielo in una stanza, maitasun erromantikoaren himnotzat jotzen dena, prostituta bati eskainia zen».
«Maitasuna kantatzen zuen iraultzailea», idatzi du Milango egunkariak azalean. Eta maitatzea aurrera egitea izango balitz, betazalak begi bihurtuta? Harean eta nire besoetan, eta musu ematen dizudan bitartean, sapore di sale, sapore di mare, sapore di te.