Pastor

Terzic eta marokoarren Mercedesak

2026ko uztailaren 3a
20:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur 28 urte, 1998ko uztailaren 4an, milaka eta milaka kroaziar irten ziren Alemaniako kaleetara, pozak lehertzen. Haien futbol selekzioak germaniarrena kanporatua zuen Mundu Kopatik, Lyon-en jokatutako partidan (3-0). Finalerdietara igaro ziren kroaziarrak —Frantziaren kontra galduko zuten lau egun geroago—.

Egun historiko hartan Alemaniako hiri nagusi guztietan entzun ziren kroaziarren kantak eta oihuak, garaileen gorazarrez. Sorterritik hara joandako kroaziarrak eta haien ondorengoak banderak aireratzen ibili ziren autoetatik goizaldeko ordu txikietara arte. Ez ziren bakarrik egon, ordea: izan zen, kroaziarra izan ez arren, kalean garaipena Balkanetako zaleekin batera ospatu zuen atzerritarrik. Kroaziarrak ez ziren kanpotarrak Alemaniaren porrota ospatzen... Alemanian bertan. Ikerketa soziologiko interesgarria abiarazteko gertaera.

Alemanian bizi zen neska katalan bat bikotekide alemaniarrarekin zegoen gau hartan Nurenberg-en. Mutila hiri erdiaren inguruan zuten jendetzari begiratu eta goibel mintzatu zitzaion: «Begira, begira kroaziarrei». Eta gero, barruan zuen korapiloa askatu nahian edo: «Eta batzuk Mercedesetan doaz!». Gizon gazte hura ez zen eskuindarra. Alderantziz, esango nuke. Hala ere, emozio gaizto saldoa nagusitu zitzaion barruan, erraietatik sortua: «Kroaziarrak. Lan bila etorri dira gurera; irabazi egin dute eta orain kalean ditugu, banderak eta oihuak nagusi, klaxona jo eta jo. Eta Mercedesetan! Sorterrian erosi ezin, eta hemen ari zaizkigu, harro-harro, autoak erakusten». Kanpotarrek ez al dute garaipena Mercedes batean ospatzeko eskubiderik?

Sarri, futboleko garaipenei lotutako festetan barren ilunenetatik ateratzen dira sentimenduak. Zenbait laguni alderik makurrena azaleratzen zaio. Kasu bakan horiek beste zaleen jarrera gizabidetsu garbia lohitzen dute. Arrisku uneak izan daitezke halakoetan. Areago sorterriko selekzioaren jarraitzaileak partidan aurkari duten herrialdean bizi direnean. Esate baterako: Marokok jokatu eta irabazten duenean, Europako hainbat hiritan elkartzen dira zaleak ospatzeko. Euskal Herrian ere bai. Horietako asko Magrebetik etorriak dira, baina ugari dira Europan jaioak ere: Frantzian, Belgikan, Herbehereetan, Espainian... Bertako estatukidetasuna, pasaportea izango dute legez, baina bihotza beste nonbait dute. Zergatik? Zer dela eta segitzen dute haien burua arbasoen jaioterrikotzat jotzen? Beste lan soziologiko bat egiteko oinarria.

Dena den, erraz larrutzen ditugu hala ospatzen duten herritarrak. Eta erraz kritikatzen haien jai zaratatsuak maite ez dituztenak. Ez nago seguru guk oso desberdin jokatuko ote genukeen. Maroko Espainia edo Frantziari nagusitu eta milaka herritarrek gure hirietan garaipena ospatzea... tira. Baina zer izango litzateke euskal selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan jokatzeko eskubiderik balu eta Atlasko lehoiek sekulako jipoia emango baliote? Jatorri magrebtarreko ehunka herritar San Frantziskotik Abandora, milaka lagun Bilbo erdian builaka, ikurrak gora eta behera, himnoa, zantzoak eta aldarriak ozen. Nola erreakzionatuko genuke? Jator ala Nurenberg aldeko gazteak egin zuen bezala? «Begira, begira marokoarrei! Goseak ekarri zituen hona eta gure laguntzetatik bizi dira. Hara nola eskertzen diguten. Eta batzuk Mercedesetan doaz!».

Zer izango litzateke euskal selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan jokatzeko eskubiderik balu eta Atlasko lehoiek sekulako jipoia emango baliote?

Edin Terzic 1982ko urriaren 30ean jaio zen Menden hirian (Ipar Renania-Westfalia, Alemania). Gurasoak 1980an joan ziren bertara Jugoslaviatik. Athleticeko entrenatzaile berriak bosniarra zuen aita; ama, ostera, kroaziarra. Hori dela eta, bi pasaporte ditu: Alemaniakoa eta Kroaziakoa. 1998ko egun hartan 15 urte zituen Terzicek. Nola zuen bihotza kanpotarren semeak: Kroaziaren alde ala Alemaniaren alde? Mercedes batera igo zen Kroaziaren bandera eskuan? Egin zuena egin zuela, orain berdin-berdin sentituko luke, berriro halakorik izanez gero? Noiz uzten diogu arrotzak izateari? Noiz gara bertokoak, bertakoak barik?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA