Untxia, azenarioa... eta lerde-jarioa. Bad Bunnyk Trumpen politika arrazista eta ICEren hilketak salatu ditu Super Bowl-en. Bikain. Horrekin batera, espainolismoaren, latinismoaren apologia lotsagabea egin du. «Es rico ser latino!»; «todo el mundo quiere ser latino!», oihukatu du. Todo el mundo? WTF?!?!?
Zer da identitate latinoa? Blanca Serra historiagile katalanak ahoan bilorik gabe heldu zion gaiari, aspaldi ez dela: «Bada, benetan, identitate latinoamerikarrik? Argentinar batek kolonbiar, paraguaitar, ekuadortar, dominikar, venezuelar, brasildar ere sentitzen du bere burua? Edo estatu horietako bakoitza, kolonizazio europarraren eta esklabotzaren fruitua dena, bere identitate propioa eratzen ari da, zeinak maien, maputxeen, kitxuen eta abarren identitate historikoak itotzen dituen?».
Bad Bunny txalotu dute Espainian. Zergatik? Latinismoa, funtsean, espainolismoa delako, Pere Antoni Pons idazle eta kazetariak Octuvre hedabidean idatzi duenez: «Bad Bunnyk espainiarrak txoratu ditu, ezkerrekoak barne, ez aniztasuna babesten duelako, panhispanismoa indartu eta hedatzen duelako baizik». Haren ustez, Amerikako aniztasuna soilik estatuetatik abiatuta goratzea «tranpatia eta oso zinikoa» da. Zergatik? «Praktikan, estatu horietako askoren botereak eta erakundeek beren barne aniztasunaren aurka aplikatzen jarraitzen duten indarkeria kolonial laikoa naturalizatzea aldarrikatzen duelako».
«Espainolismoak, ezkerren espainolismo banaletik eskuin muturraren esplizituraino, soilik espainiartasunari eta panhispanismoari protagonismo handiagoa emateko hitz egiten du aniztasunaz. Dena menderatu dezakeen lekuan, dena menderatzen du, supremazismo hutsezko modu eta jarrerekin», adierazi du Ponsek. Ziniko? Erabat. Elma Saiz ministroa, bere prentsaurrekoaren amaieran mintzo: «Dakizuenez, ohar kultural bat emanez bukatzea maite dut». Eta Bad Bunnyren saioa ikustea gomendatu die kazetariei. Ohar kulturala: «Te escupo la boca, te jalo el pelo / Hoy quiero una puta, una modelo».
Rap kantari batek afro-amerikarren aurkako arrazakeria ingelesez salatu balu, antzeko aholku bat emango zukeen Saizek? Duda egiten dut. Baina Bad Bunny espainolez mintzo da. Izan ere, zer Amerika defendatzen dute berak eta artista hispanoek? Espainolez mintzo dena. Shakirak eta Juanesek ez dute kitxuaz kantatzen; Julieta Venegas ez duzu mixtekoz entzungo. Chiapasen, Oaxacan edo Guerreron bizi diren pertsona elebakarrak ez dira latinoak. Zergatik? Kolonizatu gabeak direlako oraindik. Tzeltal, tzotzil, nahuatl edo zapotekoz hitz egiten dute. Latinismoaren iruditeria arrazistan inditos dira.
Beste testuinguru batean untxiaren mezuak arbuiatuko zituen Espainiaren historian izan omen den gobernurik feministenak —«estas no son horas de llamar, al menos que me lo quieras mamar»—. Oraingoan isildu egin da, baina. Izan ere, ba al da espainolismoa baino gauza inportanteagorik? Super Bowlen ustezko ahalduntzea gai duen kanta entzun dela saldu digute —«Perreo sola»— untxiaren filosofia mamitsua ezkutatu nahian edo: pero te lo vas a tragar todo, perra chola. Ez die ardura. Bad Bunnyri esker gora egingo du matrikulazioak erdaltegietan: El PeriĂ³dico egunkariaren arabera, haren agerraldiaren ostean %35 igo zen espainola ikasi nahi duten lagunen kopurua Duolingo aplikazioan. Ez kritikatu untxia. Avui no toca.
El PaĂs-ek AEBetako latinoen egoera salatu zuen asteartean Bad Bunnyren show-aren harira: «AEBetan milioika lagun daude, espainolez bizi, lan egin eta amesten dutenak». Noiz zabalduko dute hedabide espainiarrek halako mezu bat?: «Espainian milioka lagunek amesten dute katalanez, galegoz eta euskaraz, baina esnatzen direnean ezin dute hizkuntza horietan normaltasunez bizi eta lan egin». Eta ametsetan... ez pentsa. Hegoaldeko euskaldun batek nola irudikatzen du bere burua guardia zibil, polizia nazional edo ertzain batekin hizketan amets egiten duenean? Es rico ser latino! Izango ez da, ba!
Â