«Ez dugu onartuko eraso dieten emakumeak eta adin txikikoak zalantzan jartzea, ez eta haien aurkako difamazio saiakerak egitea ere». Oiartzungo Feministen Asanbladak gogor kritikatu du datorren astean epaituko duten irakasle baten aldeko «zuriketa kanpaina». Zehazki, Gipuzkoako Fiskaltzak 22 urteko kartzela zigorra eskatzen du Irungo (Gipuzkoa) institutu bateko irakasle batendako, bertzeak bertze hiru ikasle adingaberi diruaren edo oparien truke sexu harremanak izateko proposamenak egitea egotzita.
Gipuzkoako Probintzia Auzitegian izanen da epaiketa, heldu den asteko asteartean eta asteazkenean. EFE albiste agentziak zabaldu duenez, honako delitu hauek ere egozten dizkiote gizonari: Internet bidezko hurbilpen sexualeko bi delitu, exhibizionismo delitua eta baldintzapeko mehatxu arinen delitua. Eskaera horien aitzinean, baina, gizonak izan duen jarrera salatu dute feministek, eta erran hedabide bat baliatu duela bere burua zuritu eta biktimizatzeko. «Lotsagarria, umiliagarria eta erabat birbiktimizatzailea iruditzen zaigu erasotzaileari komunikabideetan erabat sinesgaitzak diren aitzakiekin justifikatzeko tartea eman izana», dio taldeak ohar bidez.
Erasoak jasan dituztenei babes eta elkartasun osoa adieraztearekin batera, taldeak jakinarazi du 2024 bukaeran izan zutela gizon horren jarreren berri lehenbizikoz, eta geroztik hainbat erasoren berri izan dutela. «Asko dira adin txikikoak zirenean gertatutakoak, horietako batzuei irakasle boterea erabilita jazarri diete, baina eraso hauek ez dira soilik hezkuntza esparrura mugatu», erran dute oharrean. Salatu dute, halaber, ez direla gertakari bakanak, akusatuak «hainbat ikastetxetan eta hainbat esparrutan» gauzatu dituelako «horrelako jokabide desegokiak».
Izan ere, EFE albiste agentziak fiskaltzako iturriak aipatuta zabaldutako informazioaren arabera, gizon hori 2023-2024 ikasturtean iritsi zen Irungo ikastetxera, Hezkuntza Sailak aurreko ikastetxean funtziotik eten ondoren. Zertaz eta ikastetxe hartako ikasleekin «jarrera desegokia» izateagatik.
Aitortza
Taldeak erran duenez, «gogorrak» dira jaso dituzten testigantzak, baina ez dago publikoki zabaldu beharrik, akusatuak berak aitortu dituelako 2020an argitaratu zuen liburu batean. «Liburuan, erasotzaileak dio ikasle nerabeak bere magalean esertzen zirela, adin txikiko ezagunak zeuden ikastetxeak hautatu izan dituela «zale klubaren» efektua sortzeko, ikasleekin harremanetan jartzen zela telefono pertsonalaren bidez, eta jolasgaraian haietako batekin giltzapetzen zela», diote oharrean.
Jasotako testigantzak entzunda, eta liburuan jasotzen direnak ikusita, Oiartzungo Feministen Asanbladak salatu du gizon horrek «nahieran» erabili duela bere boterea ikasgelan, patioan edo bertzelako aisialdi eremuetan. «Ez dugu haren zuriketa kanpaina sinesten. Emakumeen ahots urratuak entzun ditugu, eta badakigu non egon nahi dugun, haiei sinesten diegu. Gure herrikideen testigantzek kolpatzen gaituzte, eta min ematen digute».
Fiskaltzaren idatziak dio, gainera, irakasle horren jokabideen berri institutuan jakin zutenean, «irakasle izateak ematen zion nagusitasuna» baliatuta, ustez idatzi bat egin eta zabaldu zuela. «Bere jardunaren berri ematen zuten pantaila argazkiak zeudela jakitun», ikasleei erran zien horiek «legez kanpokoak» izan zitezkeela. Finean, fiskaltzaren arabera, hori guztia ikasleak «beldurtzeko» izan zen, haiek informazio hori guztia ezabatu zezaten.
Oiartzungo feministek adierazi dute, halaber, gizon horrek salaketaren mehatxua erabiltzen duela bere burua babesteko. Eta asanbladako kideek iazko irailean jakin ahal izan zuten akusatuak auzitara eraman nahi zituela.