Euskal Herriko 34 herritan egingo dira herri galdeketak datorren igandean, eta udazkenean ere egingo dira beste toki batzuetan. Gure Esku Dago-k aurretik ere esana zuen hasiera besterik ez zela ekainaren 5ekoa, eta halaxe berretsi du gaur. Izan ere, datorren urtean herri galdeketak beste 60 herritan baino gehiagotan egingo direla jakinarazi du.
Aulesti, Arrigorriaga, Barrika, Bermeo, Busturia, Elorrio, Sopela, Lemoiz, Urduliz, Errenteria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Hernani, Usurbil eta Sakanako hainbat herrik iragarrita daukate galdeketak egingo dituztela, eta asteburuan beste hainbat tokitan emango dute horren berri. Hil honetan adierazpenak egingo dira hainbat herritan, Gure Esku Dago-k jakinarazi duenez, "forma eta eduki ezberdinak izango dituzte, baina guztiek izango dute ardatz erabakitzeko eskubidea eta berau gauzatu dadin egin beharreko urratsak ahalbidetzeko konpromisoa".
"Indartsu" dago Gure Esku Dago, mugimenduaren beraren arabera. Baina badakite tokian-tokian ez dagoela indar berbera, eta, beraz, ez dute arazorik "erritmo desberdinetan" lana egiteko, "denak elkarrekin eta norabide berean" izanda. Horregatik, galdeketak egingo dituzten tokietako lana bezain garraitzitsutzat jo dute horretarako bidean urratsak egiten ari diren tokietakoa.